«Pazientzia gehiagorekin jokatu beharra daukat eta horretarako ari gara lanean»
Asegarceko atzelaria
Jon Ander Albisuk emandako maila bikaina izan da aurtengo Binakakoak eman duen ezustekorik pozgarrienetako bat. Aspaldi ez zen koadro profesionalean halako eskuin indartsurik ikusten eta Pablo Berasaluzerekin finalerdietaraino heldu da ataundarra. Balantze baikorraz gain, Buruz Buruko txapelketan ere lehen mailan arituko dela baieztatu dio pilotariak GARAri elkarrizketa honetan.
Jon ORMAZABAL
Etorkizunean gauza handiak egiteko dohainak ditu Albisuk eta egin dezakeenaren lehen printzak agerian geratu dira Binakakoan.
Lehenengo aldiz aritu zara lehen mailako txapelketa batean, ze balantze egiten duzu?
Ona, jokatzeko esan zidatenean gauza handia izan zen, gauzak ondo joan dira eta finalerdietan sartzeko gai izan gara. Hemen gauzak ez dira joan nahi bezala, baina gustura nago egindako txapelketarekin.
Txapelketa hasieran finalerdietan sartzea pentsatzen zenuten?
Ez, txapelketa jokatuko nuela esan zidatenean, nire lehenengo helburua partidak jokatu eta lan txukuna egitea izan zen; gero finalerdietara sartuta, askoz hobeto. Baina gu partidaz partida joan gara, iritsi dena ondo iritsi zen eta gustura.
Normala den bezala, momentu txarrak ere izan dituzu...
Urte eta erdi da profesionaletan debutatu nuela, eta horren denbora gutxian gorengo mailan egon ahal izatea ezustekoa izan da niretzat. Partida txarrak irten direnetan Pablo beti egon da laguntzeko prest eta oso garrantzitsua izan da niretzat. Partidan sartuta egoteko animatzen ninduen eta berarekin oso gustura aritu izan naiz.
Pablorekin oso ondo moldatu zara, ezta?
Entrenatzen-eta ere batera aritu gara eta bikote bezala oso ondo moldatu gara. Berak asko lagundu dit, ni bezalako gazte batek gehien behar duena beterano baten esperientzia izaten da eta gainera partidan zehar ere asko laguntzen zidan, pilota txarrak kenduz eta onak utziz; beti partidan sartuta egotea lortzen zuen eta oso gustura.
Jo dituzun pilotakada bortitzen ostean, Ruben Belokirekin konparatu zaituenik ere izan da, zer iritzi horren inguruan?
Azkenean, konparazio horiek gustagarriak dira, zaleek ona natorrela pentsatzeak beste ilusio bat ematen dizu lanean jarraitzeko. Rubenekin berarekin entrenatzen ere ari naiz eta oso gustura, asko dauka erakusteko.
Onenekin lehiatzeko gai zarela ikusi ahal izan duzu, ikasteko asko izanda ere. Zertan hobetu behar duzula uste duzu?
Oraindik esperientzia falta zaigu. Hasiberria naiz eta gauza asko ditut ikasteko. Esperientzia hori jokatutako partidek ematen dute, baina pazientzia gehiagorekin jokatzen ikasi behar dut eta horretarako ari gara lanean, ea entrenatuz eta jokatuz pixkanaka lortzen dugun.
Entrenamenduetan gehienbat horretaz aritu gara, ni beti joaten naiz ematera, nahiz lautik izan edo bederatzitik. Askotan kanpotik errazago ikusten da baina gero barruan lanak izaten dira. Horretan ari gara lanean.
Larunbatean Zabaletaren aurka jokatuko duzu; a ze bi jotzaile gazte elkartuko zareten...
Atzelari gazte dezente elkartu gara, denak 20 urtetik 22rako tarte horretan, goiko mailan ari gara eta gustua ematen du. Denok ere harreman ona daukagu eta ea aurrera egiterik dugun.
Buruz burukoan pentsatzen hasi zara, ala goiz da oraindik?
Hasi beharko dugu entrenatzen. Aurrekoan esan zidaten lehen mailakoan jokatuko dudala eta gustura. Azkenean, binakakoan gauzak ondo irten dira eta horrek asko laguntzen du, ea orain buruz burukoan, ondo irteten diren. Hemen ere, partidaz partida joango gara eta ea emaitza errepikatzen den, eta bestela ere, aurrera egin beharko da. Afizionatuetan-eta nahiko ondo aritzen nintzen buruz buru eta orain ere jokatzerik badaukat.