GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal errebindikazioen interpelazioa presidentetzarako kanpainan presente

Errepublikako burua hautatzeko kanpaina astelehenean abiatu zuten ofizialki, nahiz eta berez aspaldi hasia den. Ipar Euskal Herrian, bertako eskakizunei buruzko zenbait interpelazioak kenduta, ez da Estatuko beste lurraldeetatik bereizten den girorik sumatzen.

p012_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Presidentetzarako bozen kanpaina ofizialki astelehenean abiatu zen arren, ez da halako giro berezirik sumatzen, Ipar Euskal Herrian bederen. Estatuan bezala, badira hilabeteak hauteskundeok panorama politikoa blaitzen dutela eta mahai gainean dauden gaiak eta Estatuko gainerako lurraldeetan aipatzen direnak ez dira oso ezberdinak.

Giroa berotzen duten elementuak hautagaien bisitaldi presatiak izan ohi dira. Egungo presidente Nicolas Sarkozyren bisita zalapartatsua kenduta eta Eva Joly Europe Ecologie-Berdeen hautagaiak bertan behera utzi zuenaz aparte, ez da beste hautagairik espero Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan.

Alderdiak, halere, hainbat ekitaldi egiten ari dira beren hautagaiak sostengatzeko. Horren lekuko, joan den ostiralean UMPko gazteek Sarkozyren aldeko boza eskatzeko Baionan egindakoa, egun batzuk lehenago, hiri berean Front de Gauchek egindako mitina, edota bihar, 19.00etan, Mauleko Ibar aretoan, PSk egiteko duen bilkura publikoa.

Abertzaleak

Alderdi abertzaleei dagokienean, soilik EA azaldu da garbiki hautagai baten alde -Eva Joly-, legebiltzarrerako bozetan Europe Ecologie-Berdeekin koalizioan aurkeztea deliberatu baitu. EAJ-PNBk ez du boz gomendiorik emanen eta EHBaik ere iragarri du ez duela inoren aldeko bozik eskatuko, baina «Euskal Herriko eskakizunei buruz» beren jarrera argitzeko eskatu die hamar hautagaiei.

Hain zuzen, euskal lurraldeetan eragin berezia duten gai edo auziak kanpaina erdian kokatzen saiatzen dira hainbat elkarte eta talde, hala nola Euskal Konfederazioa, Hizkuntza Gutxituen aldeko Europako Itunaren berrespenaz, euskararen ofizialtasunaz eta hizkuntzen garapena bermatzeko legeaz hitz egiteko eskatu baitie hautagaiei.

Batera plataformak, berriz, Ipar Euskal Herriko aitortza instituzionala ekarriko lukeen lurralde elkargoari buruz galdetzen die bai presidentetzarako hautagaiei, bai legebiltzarrerako bozetan aurkeztuko direnei.

Izan ere, Errepublikako burua hautatu bezain laster, Asanblea Nazionaleko kanpainari ekingo diote Estatu frantsesean eta eremu askotarikoan diharduten elkarteek, diputatu izateko lasterketan direnei ere boza eman aitzinetik, beren jarrerak argitzeko eskatzen diete.

PARODIA

Nicolas Sarkozyk Baionara egindako bisitaren parodia egin zuen Bizi! kolektiboak, euskal herritarrekiko, ingurumenarekiko edo laborarien eskaerekiko duen jarrera salatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo