Irakeko inbasioaren ondorio arriskutsuetako bat
Ez da batere erraza Irakeko egoera desegonkor eta nahasian irtenbiderik antzematea. Herrialdeak bizi duen krisi politiko sakona, tribu, fakzio eta talde arteko liskar bortitzak, instituzioetako ustelkeria... ez dira aspaldi honetakoak, edo noizbehinkakoak, etengabeak baizik. Eta ikusmolde ezkor hori ez da Ameriketako Estatu Batuetako Armada Iraketik goizegi edo beranduegi alde egin izanaren ondorio, 2003an hara joan izanaren ondorio baizik, inbasioaren ondorio, alegia. Gaur GARAk eskaintzen duen erreportajeak ondorio horietako baten adibide gordin bat dakar orrialdeotara, inbasoreen aliantza-politikak utzitako egoera larri eta arriskutsua, Al Sahwako milizia abandonatuena. Sunien eskualdeetan inbasioaren aurka altxatu ziren hainbat milizianok AEBetako Armadarekin negoziatu eta elkar hartu zuten Al Kaedako kideei aurre egin eta beren eskualdeetatik botatzeko. Horretarako sortu zuten Al Sahwa. Al Kaeda desagertu egin zen eskualde haietatik, baina estatubatuarrek alde egin zutenetik, milizianoei agindu zieten soldata ere bai. Gobernuak ere beste promes bat egin zien, Al Sahwako milizien laurden bat Irakeko Segurtasun Indarretara sartzea, eta hori ere ez dira betetzen ari. Familia asko bizi ziren soldata horietatik, eta etsipena areagotuz doa. Denborak esango du 100.000 gizon armatu horien etsipena zer bihur daitekeen.