Kolonbiako gatazkaren humanizazioaren alde egin du Aristegik, bertan izan ostean
Ainara LERTXUNDI | DONOSTIA
Kolonbiak pairatzen duen gatazka konponbidean jarri ahal izateko, hura humanizatu beharra nabarmendu zuen atzo Amaiurreko diputatu Maite Aristegik, Pernando Barrenarekin batera egin zuen agerraldian, eta horretarako ezinbestekoa dela preso politikoen bizi baldintzak hobetzea eta eskubide zibil eta politikoen urraketa amaitzea. Aristegi Kolonbiatik etorri berri da. Bertan, bakearen eta giza eskubideen defentsan ezagunak diren nazioarteko emakumeen batzorde batekin bat egin zuen begirale gisa. FARC gerrillak bere esku zituen hamar polizia eta militarrak entregatzeko unea gertutik jarraitu zuten emakumeok.
«Bakearen Aldeko Kolonbiarrak taldeak izugarrizko lana egin du entrega hori gauzatu ahal izateko eta 50 urteko gatazkari irtenbidea emateko. Agerian gelditu da emakumeen indarra, baita bestearen lekuan jartzeko eta bestearen sufrimendua ulertzeko enpatia ere», plazaratu zuen. Izan ere, Villavicencion ez ziren soilik polizia eta militarren senideak bildu. Preso dauden gerrillarien senitartekoak ere han zeuden.
«Entrega oso modu txukunean gauzatu zen. Han zeudenen poza agerikoa zen. Bahituen senideekin batera, presoenak ere poztu ziren. `Oraingoan bai', esan zuten guztiek. Konponbidearen bidean mugarri bat izan da», gaineratu zuen.
Aristegik garrantzitsutzat jo zuen FARCek bahiketa gehiagorik ez egiteko hartu berri duen erabakia. Bere hitzetan, «bakea lortzearen alde duen borondatea» azaldu du adierazpen horrekin. Horregatik, Juan Manuel Santosen Gobernuari eskatu zion nazioarteko emakumeez osatutako batzordeari presoak bisitatzeko baimena emateko.
«Entregen ondoren, kartzeletara bisita egitea hitzartuta zegoen, baina Gobernuak ez zuen bere hitza bete. Kartzelez arduratzen den INPEC institutu kolonbiarrak helarazitako datuen arabera, 15.000 pertsona daude kartzelan gatazka politikoaren ondorioz. Kolonbiarren ahotan jaso ditugun testigantzen arabera, baldintza ikaragarrietan daude presoak», nabarmendu zuen Amaiurreko diputatuak. Nahiz eta batzordeko emakumeak jada beren herrialdeetara itzuli, presoen egoeraren gainean lanean jarraitzeko asmoa dutela azaldu zuen. Bakearen Aldeko Kolonbiarrak gidatzen duen Piedad Cordobak aurreratu zuenez, hemendik aurrera presoen egoerari eta pairatzen dituzten giza eskubideen urraketei buru-belarri helduko diete.
Aristegik Santosen jarrera kritikatu zuen. «FARCen aldebakarreko erabakia kontuan hartzen badu ere, ez dela nahikoa esaten du, eta pauso gehiago eskatzen ditu. Ez ditu preso politikoak aitortzen eta emandako kopuruak asmakizunak direla dio. Santosen eta Gobernuaren jarrera atzerakoiak blokeoa sortzen du», adierazi zuen.
Konponbide prozesu bat abian jarri ahal izateko gatazkaren humanizazioa eta alde guztion arteko elkarrizketa ahalbidetzea ezinbestekotzat jo zuen.
Hein horretan, nazioarteko komunitateari dei egin zion, «oraindik hasi gabe dagoen prozesu hori bultzatzen» lagundu eta gertutik jarraitzeko.