«Entrenatzaile on batek ez du inoiz ahaztu behar aurretik zer izan den»
Futbol entrenatzailea
Zigor Aranalde futbolari ezaguna izan da oso Euskal Herrian, eta handik kanpo. Hernani, Eibar, Marbella, Sevilla, Albacete, CD Logroñes, Walsalle, Sheffield Wednesday, Carlisle United, Almansa eta La Gineta taldeetan jokatutakoa da, besteren artean. Orain zelaitik aulkira pasatu da, eta Albacete taldeko bigarren entrenatzailea da. Ikasi eta aurrerapausoak emateko gogoz dago Ibarrako entrenatzailea.
Jon LEUNDA
Zigor Aranalde futbolari izatetik entrenatzaile izatera igaro da. Bigarren B Mailan jokatzen ari den Albacete taldeko bigarren entrenatzailea da. Garbi dauka ikasten jarraitu behar duela, eta oso gustura dago denboraldi honetan egiten ari denarekin.
Nolatan erabaki duzu Albaceteko bigarren entrenatzaile izatea?
Orain bi denboraldi futbola utzi eta iaz Ingalaterran aritu nintzen zuzendari tekniko gisa. Oporretan Albacetera etorri nintzen, nire emaztea hemengoa da, eta eskaintza egin zidaten. Aurreko entrenatzailea, Antonio Gomez, oso laguna dut, elkarrekin aritu ginen futbolean. Ezin nuen aukera alferrik galtzen utzi, etxetik hamar minutura neukan lana, eta hori ordainezina da. Gainera, entrenatzaile izatea zen nire nahia.
Aldaketa handia sumatzen al da zelaitik aulkira?
Bai, ezberdina da. Finean, entrenatzaileak bere lana dauka, eta jokalariek, beste bat. Dena dela, aulkian asko sufritzen da. Zelaian ikusten dituzunei lagunduko zenieke, baina ezin. Bestetik, nik oso fresko daukat jokalari izate hori, eta oso garbi daukat entrenatzaile on batek ez duela inoiz ahaztu behar aurretik zer izan den.
Zuzendari teknikoa izatea gustatu al zaizu?
Urte bat egin dut Ingalaterran. Lan ezberdina da, bulegoko lana, baina ni saiatzen nintzen zelaira gerturatzen, jokalariekin egoten. Nire ustez, zuzendari teknikoa eta entrenatzaileak aldagelako parte dira, eta hor harreman zuzena izan behar dute jokalariekin, beharrezkoa da.
Ez al zen presio handia Albacete taldea hartu zenuen unean hartzea?
Bai. Talde hau urte askotan goiko bi mailen artean ibili da iaz arte. Taldea instituzionalki, kirol arloan eta ekonomikoki gaizki zegoen. Hala ere, uste dut gauzak nahiko ongi egiten ari garela, eta helburuen barruan gabiltzala; hori da garrantzitsuena, eta gustura gaude.
Igotzea al da helburua?
Bai. Azkenean igoerako kanporaketak jokatuko ditugun talde guztien asmoa horixe da, eta helburu hori zuten beste batzuk ere geratuko dira igoera fasea jokatu gabe. Badakigu igotzea oso zaila izango dela, baina hor ibiliko gara, eta hori zen estreinako helburua.
Koparekin gozatuko zenuen, ezta?
Bai. Kopak asko eman digu, bai itxura aldetik, emaitzen aldetik, bai eta diru aldetik ere. Lehen Mailako bi talderen aurka neurtu gara, eta Calderonen irabaztea handia izan zen, baita Athleticen aurka jokatzea ere. Hala ere, beti garbi izan dugu Liga dela gure erronka.
Zure betiko etxean entrenatzeko asmo eta gogorik bai?
Gogoa eta ilusioa. Nire emaztea Albacetekoa da, bere familia osoa hemengoa da eta hau da nire bigarren etxea, baina euskalduna naiz, Euskal Herrikoa, han dauzkat gurasoak, eta senide guztiak. Han hasi nintzen futbolean, eta Reala, Athletic, Alaves, Eibar edo beste entrenatzeak sekulako ilusioa egingo lidake. Ni entrenatzen oraintxe hasi naiz, ordea, eta oraindik ikasteko asko daukadala ikusten dut, eta orain horixe da egin behar dudana.