Leire Barrera de Castro Irakaslea
Argituko du egunak
Argituko du egunak! Horrela zioen aspaldi entzundako leloak. Gau ilunenak direla argia atera baino lehenagoko egunak diote. Horrela izan liteke, bai. Baina egunak argitzeko nahia dugunontzat, ilunpetan bizitzen ikastea zaila egiten zaigu askotan. Inigo Cabacas hil berri da Diaz de Haroko etorbidean Athleticen garaipena ospatzean jaso zuen Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Horrela adierazten du buruan zeukan zuloak. Ez, aldiz, hainbat komunikabidek. Horietan titularrak beste batzuk dira.
Herri honetan egiak hamaika aurpegi dituenean, gogorra izaten da gertatzen dena aitortzea. Askotan egiari aurpegirik krudelena ere jantzi behar izaten zaio. Gaur jantzi den bezala. Gaur Iñigo Cabacas izan da. Baina gaur baino lehenagoko egunak ere badira. Bakarrik azken bi asteei errepara- tuta, Ertzaintzak Xuban 19 urteko gaztea larriki zauritu du eta 29 urteko bat hil egin du. Hau da, gaur eguneko kronika eta gaur egungo egoera.
Baina bi aste horien atzean herri oso baten istorioa dago eta estatuko botere judizialak, politikoak, mediatikoak, polizialak eta horien erabilpen politikoarekin, herri oso baten egunerokotasuna marrazten saiatzen dira; ikastetxeetan gazteak isilaraziz, errepresaliatuak eta gure lagunak direnen argazkiak kenduz, mendi martxako helikopteroen soinuarekin markajea eginez, eta azkena eta gaurkoan mingarriena, futbolean izan da. Tamalez, berriz ere, Iñigoren heriotzaren ostean, agerian geratzen da herria defendatzeko jaioa zena herriarentzat arrotz bihurtu dela eta gaur egun bizi dugun egoerak ezinbesteko aldaketa behar duela. Dimisioak,... eskatu behar dira, noski, baina, berriz ez gertatzeko gakoa, aldaketan dago eta eraldaketa sozialaren eskutik etorriko da.
Nor izan da ba herriaren kontra lehenik tirokatu duena? Politikariak, beraien interesen arabera eta herritarren bizitzen inguruan inolako ardura barik zer egin erabakitzen dutenak, komunikabideak, hamaika gertaerak behin eta berriz isilarazten, epaileak, estatua boterea mantentzeko ekintzaileak babesten dituztenak edo finean nahi duena egiteko bidea eman zaion polizia armaduna?
Beraz, herriak hitz egin dezala. Jarrai dezagun bidea egiten, aldarrikatzen, oihukatzen, salatzen eta nahi ez dugunari marra gorriak jartzen. Herria da finean sarrailan sartu gabeko giltza daukana. Xuban, Inigo... gehiago ez egoteko. Futbolaz, mendiaz, familiaz, lagunaz... gozatzeko.
Ailegatuko da eguna, eta idatzi gabeko liburua herriak idatziko beharko du, egia oinarri izanda.