GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jon Anzaren auzian, heriotza naturala ez da egia

Hiru urte igaro dira Jon Anza euskal militantearen heriotzatik. Egia azaltzeko borondate eza eta senide eta lagunek eskatutako argibideen aurreko mespretxua nagusitu diren urteak. Horren azken adibide, Okzitaniako Tolosako Auzitegiko instrukzio epaileak Jon Anza zenari buruz Tolosako prokuradorea ez duela galdekatuko eta biktimaren familiari ez diola mediku txostena helaraziko. «Galderak airean» dirautela adierazi zuen atzo Jon Anza Kolektiboak. Erantzunik gabeko galderak, sekretu ofizialaren doktrinaren hormatzarretan talka egiten dutenak, Jon Anzaren senideek behar duten egia eta justizia ezinezko egiten dutenak. Baina era berean, gerra zikinaren susmoa indartzen eta hedatzen duten galderak. Izan ere, ofizialki heriotza natural soil bat, beste kontsideraziorik gabekoa legez, aurkezten badute, zeren beldur dira, argibideak ez emateko? Zertara datoz, beraz, oztopo horiek guztiak? Deigarria da, baina batez ere, oso argigarria.

Baionako atzoko agerraldian berretsitakoaren arabera, trikimailu judizialek eta estatu arrazoiek ez dute egiaren aldarrikapena, haren xerka ekimenak bideratzea eta biderkatzea ekidingo. Jon Anzaren senideek bezala, haren lagunek ez dute eginahal horretan etsiko. Ez da, ez, lan samurra izango. Baina biktima guztien aitortzan eta benetako egian oinarritutako etorkizun berri bati begira, hauspotu behar den ahalegin kolektibo ezinbestekoa da. Osoki babestu beharrekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo