GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Bizirauteko instintua, besterik ez bada ere

Bietako bat: haiek erabakitzen dute gure borondatearen kontra edo guk erabakitzen dugu geure borondatearen arabera; Estatuak eta kapitalak erabakitzen dute langileon eta Euskal Herriaren kontra edo langileok eta Euskal Herriak erabakitzen dugu gehiengoaren mesedetan

Ukiezina zirudien hori ere ukitzen hasiak dira. Denbora kontua baino ez zen. Egia da hauek ez direla izan arlo horietan hartu diren lehenbiziko neurriak. Irakaskuntzan, esaterako, Bolonia plana helburu oso zehatzekin ipini zen martxan, eta osasun sistema... bueno, denok dakigu osasun sistema zelako maldan behera dagoen aspaldiko partez. Orain, ordea, badirudi, beste atal eta gai guztiekin egin bezala, are gehiago, are arinago, are latzago erasoko dietela.

Krisi koiunturak neurri horiek azkartzeko, gogortzeko eta kolpe batez ezartzeko aukera ematen die. 80ko hamarkadan estatuen esku zeuden sektore produktiboak pribatizatzeari ekin bazioten eta, honekin batera, lan merkatuan prekarietatea zabaltzen hasi baziren, orain, lan prekarietatea guztiz orokortu nahi dute eta estatuen esku gelditu ziren sektore «asistentzialak» eta bizirauteko premiazkoak direnak negoziora zabaldu nahi dituzte.

Zelan ikusi beharko dugu geure burua laster batean? Familiari behar baino arinago agur esaten, ebakuntza ordaintzeko beste diru ez daukagulako? AEBetan ohikoa da hori eta jendea badirudi ohikotasun horretara ohitu dela. Grifols enpresa farmazeutikoko buru Victor Grifolsek AEBetan oso ohikoa den beste praktika bat proposatu berri du: langabeek euren odola sal dezatela. Grifolsek berak astean 60 edo 70 euro ordainduko lituzke eta hori «langabezia prestazioarekin batera, bizitzeko modua izango litzateke». Grifols jauna bera has liteke bizimodu erakargarri hori probatzen...

Gizakia (eta emaztekia) ia-ia denetara ohitzen da. Hori benetan da kezkatzekoa. Ez dakit gure genetan dagoen, joera psikosoziala den edo mendebaldeko hezkuntza judu-kristauan bilatu behar dugun arrazoia. Hala ere, momentu honetan gauden bezalako egoeretan, hau da, hil ala biziko egoeretan, bizirauteko instintuak izan beharko luke gidaria. Instintu primario horrek benetan bizirauteko egin beharreko lehenbiziko gauza altxatzea dela ohartaraziko liguke.

Herriak bizirauteko moda ere ez da oso ezberdina. Edo Madrilek markatutako bidea edo gu. Ez dago tarteko biderik. Egia esan, ez da sekula egon, baina gaur da eguna erregionalismoaren zelanbaiteko oreka-jokoak errealitatearen gordina estaltzeko gai ez direna. Honetarako eman dute autonomismoak eta bere eskuduntzek: Madriletik zapaldu nahi dituztenean, bidea libre daukate. Nafarroan baietza eman diete osasun eta hezkuntza murrizketei dagoeneko eta Baskongadetan, diskurtsotik aparte, ezer gutxi espero genezake. Haien aginduak edo gure bidea. Bizirauteko instintuak herri hau altxatzera eroan behar du.

Bietako bat: haiek erabakitzen dute gure borondatearen kontra edo guk erabakitzen dugu geure borondatearen arabera. Estatuak eta kapitalak erabakitzen dute langileon eta Euskal Herriaren kontra edo langileok eta Euskal Herriak erabakitzen dugu gehiengoaren mesedetan. Zer hautatu dugun argi gelditu da kaleetan, orain errespeta dezatela. Prest ez badaude, errespetarazi beharko diegu. Hil ala biziko kontuak ez dira jolasean ibiltzeko modukoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo