GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Irrati-lizentzia eskaera aurkeztu duela iragarri du

Hamaika Telebistak egoitza berria inauguratu du Donostian

Bere txikitasunetik euskarari telebistan zabaldutako leihoa handitzen-handitzen ari da Hamaika. Horren erakusgarri da atzo jende anitz bildu zuen Donostiako egoitza berriaren irekiera ekitaldia. Ezuste edo berririk ere izan zen inaugurazio honetan: irrati lizentziak eskuratzeko Lakuako Gobernuak irekitako deialdian izena eman dutela iragarri zuten.

p046_f01.jpg

Maider IANTZI

Donostiako Zuatzu parkeko Pia eraikinean mugimendu handia sortu zen atzo eguerdian, hainbat arlotako jendearen nahasketa: han ziren Martin Garitano, Lohitzune Txarola, Ikerne Badiola, Markel Olano, Maribi Ugarteburu eta Juan Karlos Izagirre politikariak; Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editorea; Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria; Martxelo Otamendi «Berria»-ko zuzendaria eta GARAko Iñaki Soto, egunkari honetako ordezkaritza zabalarekin batera... Hamaika bezala, lantoki berriaren inaugurazioa ere handitzen-handitzen joan zen. Bildutakoek, gainera, poza agertzen zuten telebista lokal baina nazional honen «apustu irmoa sendotu» delako eta bertze zutabe bat jarri duelako Pia eraikinera pasatuta. Batak bertzeari eskerrak emanez aritu ziren -Hamaikakoek jendeari, bidelagun izan dutelako; jendeak Hamaikakoei, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak erran bezala, telebista honen ekarpena garrantzitsua delako «Euskal Herria, Gipuzkoa eta Donostia euskalduntzeko»-.

2006an eman zituen lehendabiziko pausoak komunikabide honek, CMN, TV, EKHE, EKT, Elkar eta Bainet bazkideek Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea S.A. enpresa sortu zutelarik. Duela hiru urte hasi ziren emititzen Bilbon eta geroago Donostiara iritsi ziren. Orain gutxi arte Gipuzkoa Telebistaren etxean egon dira maizter, baina Iñaki Uriak azaldu zuen bezala, aldatu beharrean izan dira eta Piara etortzeko aukera egokitu zaie, hona ere alokairuan.

«Ibilbide honetan gauza batzuk hobetuko ditugu», ziurtatu zuen zuzendariak, eta hobekuntza horien artean aipatu zituen berriki aurkeztutako webgune eraldatua (Hamaika.tv) eta sakelakoetarako eta tabletetarako eskaintzak. Baina lanabes berriez soilik ez, edukiez ere mintzatu zen, telebista «batez ere edukiak» direlako.
«Garai interesgarriak ditugu politikan: ETAren erabakiak aukera oso onak ematen ditu, ekonomian bizi dugun krisia herritarrei agertzeko helduleku oso onak daude... Aukera ezin hobea dugu egin nahi dugun hori emateko edukietan», agertu zuen.

Laguntzak dibertsifikatzea

Bost urte bakarrik kontuan hartuta ere telebista izugarri aldatu da, izugarri ari da aldatzen eta aldatuko da; ikusteko modua desberdina da, baita finantzatzeko eredua ere. Baldintza hauetan, Uriak erran zuen «oso zaila, ia ezinezkoa» dela beren helburua -euskarazko komunikazio esparrua osatzea, horretan aurrera egitea- gauzatzea. Baina horretan ari dira, nahiz eta zaila izan.

Zailtasun horien aitzinean, gauzak «birpentsatzen hasteko garaia» ailegatu dela deritzo Hamaikako zuzendariak: ekimenak, baliabide publikoak, orain arteko estrategiak... «Biziraun ahal izateko» eta euskarazko leiho bat edukitzeko, horixe da Uriaren arabera biderik onena. Zein da hor arazoa? Lakuak urtero ematen dituen diru-laguntzetan «ikaragarrizko desproportzioa» dagoela euskarazko eta erdarazko komunikabideen artean, eta «horrela ez dela posible».

Azaldu zuenez, badago, ordea, bertze modu batean egitea: «Ez da eraginkorrago izango euskarazkoei eskainitako laguntzak dibertsifikatzea?», galdetu zuen, eta horretan pentsatzeko eskatu zien aurrean zituen sektoreko kide eta politikariei, «miraririk ez baitago egiterik».

Ekitaldiari keinu sinboliko batekin eman nahi izan zioten amaiera, eta Iñaki Uria, Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirre altxatu, telebistaren urrutiko agintea hartu eta Hamaika piztu zuten egoitza berrian. Halere, Naroa Iturri edukien arduradunak Hamaikaren «benetako irudia» bertze bat dela nabarmendu zuen: «Zuek zarete, kaleko jendea», erran zuen aitzinean zituen herritarrei zuzenduz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo