GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ Idazlea

Alde

Nola nagoen galdetzen didatenean «ongi» esan ohi duen horietakoa naiz. «Ongi» horrek maiz «gaizki» ezkutatzen du, eta gizartearen beste horrenbeste arauren antzera erabilgarria da, gaizki gaudela aitortzearen pribilegioa ez baita kalean edonorekin konpartitzeko modukoa. Beste askotan, «ongi» nork bere buruari esandako gezurra baino ez da: «oso gaizki» esan nahi du, «baina ez naiz konturatu ere egiten». Asko gara gezur edota auto-gezur automatikoaren klubera harpidetutakoak, «onginago» politikaren jarraitzaileak.

Kalean behintzat.

Sarean ez.

Sarean gaizki gaude. Honen iritzia jasangaitza iruditu zaigu. Artikulu horrek amorratu gaitu. Alderdiek zeresanik ez, politikariek, blogariek, Twitterreko eroek, Facebook-eko trollek. Iruzkin hori utzi duen tipoari gustura botako genioke aldarriren bat. Egunkariko albistearen komentarioarekin askatu dugu umore txarra eta berriz gaiztotu zaigu hurrengoa irakurtzerakoan. Gaizki, gaizki, gaizki.

Internet zale amorratua izanik ere beldur naiz zarata horrek guztiak ez ote garamatzan paralisira. Beldur naiz kontrairitzien orkestran ez ote ditugun Sarearen sormenerako aukera asko galtzen. Eskura ditugu lehen pentsaezinak ziren errealizadore, musikari, idazle, software egile edota argazkilari izateko aukerak, baina ez dakit horretan ari garen, edo «kalean uso, etxean otso» esaera iruntzitara jarri, eta «kalean ongi, Sarean gaizki» errutinan kateatuegi. Ez dut uste mutur batean edo bestean benetan geure alde ari garenik: geure buruaren eta geure munduaren alde.

Metrokoadroka kolektiboaren «Hura ez da lekua» lanetik esaldia lapurtuta: ez nago kontra egotearen kontra, baina alde egotearen alde nago.