Euskara izango da nagusi larunbatean Gasteizko kaleetan
I.S. | GASTEIZ
Gasteizko euskaltzaleen elkarteek euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute datorren larunbatean hiriburuko kaleetan. Atzo azaldu zutenez, asteburu honetan egingo duten manifestaldiarekin, urte askotan euskaraz bizitzeko aukera eragotzi dieten hizkuntza-politikak bertan behera utzi behar direla nabarmendu nahi dute.
Asteazken honetan egindako agerraldian, «Euskaraz bizitzera goaz!» eguna antolatu duten elkarteek (AEk, IKA EHE, Udaberria...) goiz eta arratsaldez izango diren ekimenak aurkeztu zituzten, aipatutako manifestaldia barne.
Antolatzaileek adierazi zutenez, goizeko ekimen guztiak Foru plazan izango dira. 11.30etik 13.30era, Gasteizko erdigunean dagoen plaza handiena jokaleku eta dantzaleku erraldoi bilakatuko da.
Era berean, 16.30ean ehunka lagun bilduko dira plaza horretan euskaltegiek antolatu duten mintzodromoan parte hartzeko. Hori bukatutakoan, arratsaldeko zazpiak aldera, bertan diren euskaltzaleak Andre Maria Zuriaren plazara abiatuko dira manifestaldiarekin bat egiteko.
Martxa horretan, euskara sustatzeko politika egoki eta eraginkorra behar dela aldarrikatuko dute gasteiztarrek.