Beasaingo Udalak aurreko legealdiko kudeaketa aztertuko du
GARA | BEASAIN
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Beasaingo Udaleko 2009ko kudeaketari buruz buruturiko ikerketaren behin betiko txostena argitaratu zuen iragan otsailean; eta bertan, ebatzi zuen EAJko Udalak legediak markatzen duena kontuan hartu gabe jokatu zuela hainbat ataletan. Egungo Beasaingo Udalak (Bilduren eskuetan) datu horiek guztiak aztertu ostean, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, egoeraren gaineko iritzia emateaz gainera proposamen bat eskaintzeko.
Koldo Agirre alkatearen ustez, «kontratazio batzuetan nabarmen urratu da kontratazio legea, zuzenean esleituz lehiaketa bidez egin behar zena». «Erakunde ofizial batek eginiko auditoria batean oinarrituta -gaineratu zuen-, esan dezakegu arau hausteak, kudeaketa iluna eta irregulartasunak errepikatu zirela EAJk aurreko legealdian egin zuen kudeaketan».
Argitzera behartuta
Alkateak gogorarazi zuen Kontu Epaitegiak behin-behineko txostena atera zuenean, Beasaingo Udalak aukera izan zuela alegazioak aurkezteko, eta horien tramitazioan legealdi aldaketa gertatu zela. «Udal teknikariek alegazio haiek prestatu zituztenean, egungo alkatearen sinadura eskatu zuten -esan zuen-, eta gure aldetik ez genuen eragozpenik jarri tramite hori burutu ahal izateko; ez edukiarekin ados ginelako, aurreko legealdian hasitako prozedura bat ez eteteko baizik».
Agirrek aurreratu zuen udaleko teknikari bat hasi dela aztertzen epaitegiak txostenean aipatzen dituen espedienteak, datu zehatzagoak ateratzeko eta informazio gehiago izateko. Egindako ikerketa azalekoa dela iritzita, Udal Gobernua «irregulartasunak azken muturreraino ikertzera» behartuta dagoela erantsi zuen, eta norabide horretan, ikerketa batzordea osatzea proposatuko dute Udalean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren lankidetzarekin eta Udalaren esku dauden tresna guztiekin auzia argitzeko.