«Ausartu zaitez!» liburuak arrastoak ematen ditu nork bere bidea aurkitzeko
Maider IANTZI | DONOSTIA
Juanjo Lertxundiren lana kaleratzera ausartu zirenean jabetu ziren Txertoa argitaletxekoak euskaraz ez zegoela autolaguntza libururik, eurek ez zuten ezagutzen behintzat. «Ausartu zaitez!»-ek badu, beraz, lehenengoa izatearen balio erantsi hori. «Goiz edo arratsalde batean irakur daitekeen arren, ez da goiz edo arratsalde batean irakurtzekoa, gogoeta eskatzen duelako», azaldu zuen Martin Anso editoreak, nork bere burua hobeki ezagutzeko baliagarri izatea helburu duen tresna honi buruz.
Egileak, Donostian bizi den eta bertan, Grosen, Gausartu izeneko zentroa ireki duen usurbildarrak, liburua idazteko ideia aspalditik buruan bueltaka izan duela aitortu zuen. Yoga egiten hasi zen 2000n, arazo batzuk zituelako. Gero maisu izateko ikasi zuen eta ondotik tesia eta masterra egin terapeuta transpertsonala izateko. Orduan erabaki zuen idaztea, bidaia batean bezala eramanez irakurle bakoitza hausnartzera bultzatzeko asmoz.
«Gorputza, burua eta emozioak ditugu, eta tresna horien jabe egitea eta erabiltzen jakitea da helburua. Blokeatzen gaituztenak aldatzea». Lertxundirentzat ez baitu balio «halakoa naiz eta kito» errateak. Aitzakia da hori, bere ustez.
Laburra eta irakurterraza, baina sakona ere bada liburua eta laguntzeko pertsona ezagunen esaldiak tartekatu ditu idazleak testuan: Joxan Artze, Jon Maia, Alaitz eta Maider, Albert Einstein...
Aldaketak gure barrenetik hasi behar duela azaltzen du idazleak, eta hori lortuz gero eredu izanen garela. Gure emozio nagusia beldurra da, ordea, eta horrek eramaten gaitu maiz erabakiak hartzera. Beldurrak gainditzea errazteko ariketa batzuk proposatzen ditu: ispilu aitzinean egiteko, edo begiak itxita irudikatzeko. «Gakoa arreta jartzea da, konturatzea zer pentsamendu dauzkadan, zer sentitzen dudan. Orduan, aukera daukat aldatzeko. Arreta ipini, aldatzera ausartu eta aldaketa gauzatu behar dut».
Gausartu
Orain dela bi hilabete ireki zuen Gausartu zentroan (gauzatu eta ausartu hitzekin jolastuz asmatu zuen izena), yogako eskolak, meditazioa eta bakarkako lana uztartzen ditu Lertxundik. Yoga, meditazioa eta geure burua ezagutzea gero eta gehiago behar ditugula iruditzen zaio terapeutari, korrika eta presaka bizi garelako eta gelditzea eta gure barruko izaerari garrantzia ematea behar dugulako. Erran zuenez, ez gara gelditzen hori lortzeko eta batzuetan makinak bezala funtzionatzen dugu. Eta Gausartuk aukera ematen du gelditzeko, norbera izateko eta geure burua ezagutzeko.