GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek onarturiko AHTren ibilbidea ez dela datuetan oinarritua salatu du CADEk

GARA | BAIONA

Gobernu frantsesak AHTk Lapurdin izanen duen ibilbidea Tren Garraioaren Behatokiak eman beharreko datuak plazaratu baino lehen erabaki duela salatu du CADE elkarteak. Abenduan lanean hasi zen erakundeak datu horiek 2013 urtera arte ez dituela plazaratuko nabarmendu zuten.

Horrenbestez, Gobernuak harturiko erabakia ez dela datu zehatzetan oinarritzen nabarmendu zuen CADEk, eta hori dela-eta, proiektuan aldaketak izanen direla eta egitasmoa aurrera eramatea ere atzeratuko dela gaineratu zuten.

Horregatik, egitasmo honen aurka mobilizatzen jarraitzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen talde honek.

Elkarretaratzea Iruñean

Larunbatean, AHTren egitasmoaren aurkako elkarretaratze zaratatsua izanen da Iruñean (18.00etan, Gaztelu plazan), AHT Gelditu! plataformak deituta.

Ezker abertzaleak sostengua adierazi dio deialdiari, egitasmo hori Nafarroako ondareari lapurreta egitea dela salatuta.

Nafarroako Kutxaren aferan UPNk eta PSNk 800 milioi euro xahutu dutela gogorarazi ondotik, «herritarren mobilizazioak galarazten ez badu, AHT izanen da inolako zalantzarik gabe Nafarroari egingo zaion hurrengo iruzur erraldoia», salatu zuen ezker abertzaleak.

«Nafar guztion patriketatik milioika euro atera nahi dituzte, Espainiako Estatuarentzat ere lehentasunezkoak ez diren lanak finantzatzeko, inbertsio handi honen errentagarritasun sozial eta ekonomikoa arrazoitzen burua nekatu gabe», gaineratu zuen.

«Hau dena gutxi balitz, AHT egiteko lanetarako dirua kentzen diguten bitartean, esaten digute gainera hemendik aurrera osasuna zaintzeko beharko ditugun botiken zati bat ordaindu beharko dugula. Guztiona den dirua AHTrako erabiltzen ari diren bitartean edozein komunitateren garapenerako hain garrantzitsua den hezkuntza publikoan murrizketa murrizketaren gainean inposatzen ari dira», adierazi zuen ezker abertzaleak.

«Gai ote dira Barcina anderea eta Jimenez jauna Nafarroako herritarrei azaltzeko zergatik den hobe milioika euro gastatzea AHT egiteko Estatuaren finantza gastua Nafarroaren bizkar hartuz, milioika euro horiek osasungintza edo hezkuntzan gastatzea baino?», salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo