GARA > Idatzia > Mundua

Barack Obama drogen auzian erdibidean geratu da azkenean

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak drogen aurkako borrokaren gaineko bide orria aurkeztu zuen. Azken urteetan afera horretan izan diren «muturreko» bi proposamenak alboratu eta «hirugarren bide» bat diseinatu du, prebentzioan eta tratamenduan oinarritua.

GARA | WASHINGTON

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak drogen aurkako borrokan estrategia berri bat aurkeztu zuen atzo, ikuspuntu poliziala albo batera utzi eta prebentzioa eta tratamendua bultzatuko dituena. Ez dio, ordea, legalizazioari aterik irekiko.

2012ko Drogen Kontrolerako Estrategia Nazionalak azken urteetako eztabaida markatu duten «muturreko» bi proposamenen artean -sistema penala gehiegi baliatzea eta substantzien legalizazioa- «hirugarren bide» bat adierazten duela esan zuen atzo Gil Kerlikowskek, AEBetako drogen aurkako arduradun politikoak.

«Arau-hausleen kartzelatze masiboen gisako politika zaharkituak drogen auzia osasunaren eta segurtasunaren arteko orekan oinarritzeko beharra alde batera uzten duten iraganeko erlikiak dira».

Ikuspuntu berri honen oinarria hau da Etxe Zuriko Drogen aurkako Politikaren Bulegoko buruaren hitzetan: «Droga-menpekotasuna ez dela krimen bat onartu behar da, prebenitu eta tratatu daitekeen burmuineko gaixotasun bat baizik».

Estrategia honen bitartez, «drogen erabileraren, krimenaren eta kartzelatzeen zikloa apurtu» nahi du Washingtonek. Horretarako, estupefazienteen «merkatua kontrolatzeko» programak indartuko ditu -tokiko mailan jada martxan daudenak-, Kerlikowskek dioenez.

Alternatiba bila aritu arren, estrategia berriak «ez du inolaz ere» legalizazioa aintzat hartzen. Azken aukera horrek indarra hartu du kontinentean Guatemalako lehendakari Otto Perez Molinaren ekimenez.

«Ilegala den gai bat legalizatuz gero, kontsumoak gora egingo du. Eta drogek osasunean eta segurtasunean sortzen dituzten kalteak ikusita, eskuragarriago egiteak ez dauka zentzurik» esan zuen Kerlikowskek.

Guztira, estrategia berriak zazpi ekintza gune bereizten ditu; lau prebentzioan eta tratamenduan oinarritzen dira. Informazioaren kudeaketa, nazioarteko kooperazioa zein etxe-guneetako droga trafikoaren aurkako lana hobetzea dira besteak. Estrategiak Obamak 2010ean sortu zuen drogen inguruko gaiak lantzeko auzitegiari bere babesa eskaintzen dio.

Ildo horretatik, AEBek droga-menpekotasuna dutenen tratamendua «osasun sistema orokorrean» txertatzeko asmoa du, besteak beste, gaindosiei aurre egiteko medikuen formakuntza bultzatuz.

Kerlikowskek ikuspuntu berri hau une egokian datorrela adierazi zuen, egun AEBetan istripuzko heriotzen lehen kausa drogen gehiegizko erabilera baita, zirkulazio istripuen gainetik.

cartagena

AEBetako lehendakari Barack Obamak, Cartagenan (Kolonbia) burutu berri den Ameriketako Goi Bileran, drogen legalizazioaren gainean sortutako eztabaidan, bere ohiko posizioa berretsi eta aukera horri uko egin zion

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo