Laura MINTEGI Idazlea
Eurak bueltan datoz
Gu oraindik joaten ari garenean, eurak badatoz bueltan. Aurrera goazelako ustea dugu, bai, baina zein preziotan! Autonomia ekonomikoa geureganatu genuenetik askatasun handiagoa dugu. Formakuntzan nabarmen egin dugu aurrera, iniziatibak hartzen ditugu, eta ia edozein helbururi eutsi diezaiokegu; bide luzea egin da azken 60 urtean.
Baina ezin dugu guardia jaitsi eta ahultasunik adierazi jendartean.
Berriki, bi egileren adierazpenak entzun ditugu, Xabier Letek «Egunsentiaren esku izoztuak» liburua plazaratu zuenean eta Ramon Saizarbitoriak «Martutene» aurkeztu berritan.
Letek alargun-mina adierazi zigun zintzo eta sakon, sentiberatasunez betea, entzuleoi oilo-popa sorrarazterainoko emetasunez. Gabeziaren hutsune hotza erakusgai jarri zigun, eta negar malkoak literatura bihurtu.
Saizarbitoriak, bestalde, bere ohiko fineziaz eta apaltasunaz aitortu digu emakumeei dien miresmena, zein faszinaturik sentitzen den haiekin, eta emakumeak ulertu nahi dituela azaldu digu, maitemintzerainoko abileziaz azaldu ere.
Eta norberari otu egiten zaio emakumeak ulertu, ulertzen dituela, badakiela nolakoak diren; eta jakin badakiela, halaber, zer den gabeziaren hotza eta bikotekidearen galera eta, hala ere, ezin izango lituzkeela jendartean erakusgarri jarri, emakumeek negarretik sobera eduki dutelako, eta gabeziatik ere, dezente, milurtekoetan, eta orain dagokiena ez dela jendartean aitormenik egitea, baizik eta irmotasuna adieraztea, autonomoa izatea, saminez irabazitako askatasun eremuei eustea, atzera pausorik ez ematea, penak kolkoan gorde eta negarrak ezkutatzea.
Bueltan datoz, gu joan orduko.