GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Afizionatuak Larrialdi deia

Orioko Pilota Elkarteak laguntza eskatu du umeen txapelketa egin ahal izateko

J.O.

Egungo garai latzei aurre egiteko diru laguntzak eskatzea ohikoagoa dirudien honetan, Orioko Pilota Elkarteko Aritz Lertxundik, Aimar eta Eneko Galarragak eta Asier Lizarraldek elkartean lan egiteko boluntarioak eskatu dituzte, batez ere, maiatz aldean urtero egiten duten umeen txapelketa antolatzen jarraitu ahal izateko.

GARAri bidalitako idatzian azaltzen dutenez, herriko lau gazte baino ez dira gaur egun elkarteaz arduratzen eta, lana pilatu zaienez, laguntzaile sare bat behar-beharrezkoa dutela adierazi dute, eurentzat horren garrantzitsua den txapelketa horren antolakuntza era egokian egin ahal izateko.

«Bere garaian, lehengo zuzendaritzak beren karguak uzteko asmoa adierazi zigunean, guk pilota ezagutzeko aukera izan genuen bezala, Orioko gainontzeko umeek ere aukera hori izatea nahi genuen, eta horregatik erabaki genuen erronka berri hau onartzea. Hasiera guztietan bezalaxe, lehen pausoak oso gozoak izan ziren, laguntza asko, alde guztietatik animoak, baina denbora aurrera joan ahala gero eta lagun gutxiago gaude lanerako eta gure laguntasuna bera ere arriskuan jartzera iritsi gara», diote elkarteko ordezkariek.

Denboraldi honetan bertan, eskualdeko 15en bat ume entrenatzeaz gain, eskualdeko eskolaz kanpoko pilota txapelketako epaile lanak egin dituzte, emakumeen Euskal Herriko Opena, frontenis txapelketa eta pala txapelketa herrikoia ere antolatu dituzte, eta horiek guztiek jarraipena izan dezaten, jendearen laguntza behar dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo