GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

Gu gara, haiek dira

Aurtengo Maiatzaren Lehenean «gu» kalera aterako gara, munduko egutegi guztiek gorriz pintatzen duten egun horretako deialdietara, «haiek» euren jauregi neofeudaletan itxita geratzen diren bitartean

Bizi garen fase historiko konplexu honetan, paradigma berriak oraindik eraikuntzan diharduten erdi-usteak dira. Paradigmak aldatu egin dira eta duela hamarkada gutxi errealitatea interpretatzeko balio ziguten kategoriak hautsez beteta geratu zaizkigu gaurkoa azaltzeko. Ezkerrekoak edota alternatiboak diren hainbat mugimendutan work in progress etengabean murgilduta gaude, errealitatea hobeto islatuko duen kontzeptuen bila. Izan ere, gertatzen zaigu askotan ez dakigula guk geuk geure buruari zer kategoria aitortu; alegia, kosta egiten zaigula ordezkatuko gaituen hizkuntza aurkitzea. Puntu honetara iritsita, beste behin erantzun beharko ditugu «nor gara gu? zer gara gu?» abestiaren galdera existentzialak.

Hainbat belaunalditakook langile sentimendua izaten jarraitzen badugu ere, badira gehitu zaizkigun nolakotasun berriak. Ez gara sentitzen gure gurasoek parte hartu zuten langile klasearen parte estanko eta oso bat. Beste modu batean sentitzen gara, arraroago ziur aski, eta indefinituago. Agian, asmatzear dagoen lurralde komunaren zain gaudelako munduan tokatu zaigun posizioa hobeto uler dezagun. Eta nago nahastu egiten garela gaur eta hemen «langile» hitza esan eta Mendebaldeko fabriketako gizon txuria etortzen zaigulako oraindik burura. Sarritan gertatzen zaigu, ordea, gure ingurura begiratu eta hori inguratzen gaituenarekin bat ez datorrela. Nik behintzat, inguruan, gero eta fabriketako langile gutxiago ezagutzen ditut, gero eta langabe gehiago, gero eta beltz, txinatar edo errumaniar gehiago eta gero eta generoaren kategoria klasikoa gainditzen duten gizon eta emakume gehiago.

Baina errealitatea gero eta konplexuagoa eta nahasiagoa den honetan, existitzen jarraitzen du mundua zeharkatzen duen lerro antagoniko batek. «Gu» eta «haiek» territorioen mugan dagoen lerro bat. «Gu» zer garen sakondu eta berdimentsionatu behar dugun honetan oraindik esaterik baitugu «gu» garela prekarioak, langabeak, emigratuak, beltzak, transgeneroak, etxerik gabekoak, hipotekadunak, asalariatu intermitenteak, kontsumitzaile ohituak, autonomo behartuak, azpikontrataturiko azpikontratatuak eta, finean, gure lan indarrarekin oso ongi zer gertatuko den ez dakigunak.

Eta «haiek» ekoizpen bide masiboen jabeak izaten jarraitzen dute. Haiek dira enpresa handietako bulegoetan egunero erabaki estrategikoak hartzen dituztenak, krisiaren zama gure bizkar gainean utzi eta inoizko irabazirik handienak pilatzen ari direnak, bizileku ezkutuak dituztenak, gurekin nahasten ez direnak eta, finean, «haiek» dira mundu globalizatu honetan zein biziko den eta zein hilko den egunero erabakitzen dutenak.

Esan bezala, paradigmak dantzan ditugu oraindik eta, hartara, aurtengo Maiatzaren Lehenean «gu» kalera aterako gara, munduko egutegi guztiek gorriz pintatzen duten egun horretako deialdietara, «haiek» euren jauregi neofeudaletan itxita geratzen diren bitartean. Ez dezagun ahaztu, beraz: munduak antagonikoa izaten jarraitzen du eta «gu» berritu horrek jarraituko du eraldaketaren subjektu politikoa izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo