GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakako finala

Ibarrola eta Ozafrain, bi lagun elkarren aurka

Elkarrekin binakako bi txapel irabazitakoak dira, baina oraingoan Harizmendi eta Bielle izango dituzte lagun. Batek ez du txapelik lortuko.

p045_f01_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Biellek eta Ozafrainek Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka jokatuko dute etzi Berezkoen Binakako finala Baionako Modernen. Dudarik gabe, lau pilotariak dira txapelketako onenak, orain arteko partida guztiak irabazita iritsi baitira finalera, baina etzi batek galdu beharko du. Begirada guztiak Ibarrolaren eta Ozafrainen gainean izango dira. Finaleko bi beteranoak dira eta elkarren aurka arituko dira, baina elkarrekin jokatuz ere bi txapel jantzitakoak dira.

«Egia esan, niri poz handia ematen dit Ozafrainen aurka jokatzeak. Lagun handiak gara, elkarrekin bi txapel lortu ditugu, eta urteetan biak goaz aurrera. Ez dakit jokatuko dugun azken finala izango den, baina ez ditugu askoz gehiago jokatuko», dio Patric Ibarrolak.

«Plazer handia da Ibarrolaren aurka jokatzea. Lagun handiak gara, eta larunbata eta gero ere horrelaxe jarraituko dugu. Askotan jokatu dugu batera, bai eta elkarren aurka ere. Binakako finalek oroitzapen onak ekartzen dizkigute bioi, bi txapel lortu ditugulako batera, baina larunbatean bakoitzak berea defendatu behar du», dio, berriz, Patrick Ozafrainek.

Orekatua

Finala denek ikusten dute orekatua, baina dirua Ibarrolaren eta Harizmendiren alde aterako da. Ozafrainek, ordea, ikusten du irabazteko aukerarik. «Egia esan, Ibarrolak eta Harizmendik bikote handia osatzen dute, hamar partidetatik zortzi edo bederatzi irabaziko dizkigute, baina geratzen diren bi horietako bat larunbatekoa izan daiteke. Final bat beti da berezia, eta baditugu aukerak», baieztatu du.

Ibarrolak ere gauzak zail ikusten ditu. «Beraiek oso bikote ona osatzen dute. Ozafrainek dena daki, zaila da berari tantoa egitea. Nik uste dut finaleko gakoetako bat sakea izan daitekeela. Hor asmatzen duenak irabazteko asko izango du», aitortu du Patrick Ibarrolak.

Astelehenean egin zuten material aukeraketa. Ez zen inongo arazorik egon, baina bakoitzak bere iritzia dauka. «Pilota onak dira. Oso berdintsuak, bai haienak, baita gureak ere. Alde horretatik ez dago ez arazo, ez eta aitzakiarik», esan zuen Ozafrainek. Ibarrola horrekin ez zegoen erabat ados.«Modernerako pilota motelak ekartzen dituzte, eta saiatu gara gustukoenak aukeratzen. Guri apur bat biziagoak komeni zitzaizkigun».

Bi beteranoak oso gustura daude beraien lagunekin, eta ez dute uste, gainera, eskarmentu handiagoa dutelako partidaren ardura hartu behar dutenik. «Hemen beteranoei buruz ari dira denak, bai zaleak, baita komunikabideak ere, baina Harizmendi hor dago. Ezker paretatik itzuli zenetik, unerik onenean dago, eta agian momentu honetan dagoen atzelaririk onena ere izan daiteke», ohartarazi zuen Ozafrainek. Auzia etzi arratsaldean erabakiko da, eta Modernek hartuko du epaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo