Eskualdeko ekonomia indartzeko bideak aztertuko ditu Sakantzen Sareak
Krisi ekonomikoaren ondorioz Sakanak bizi duen egoeraz kezkatuta, jarduera ekonomikoa indartzea eta bide berriak bilatzea da sarearen helburua. Gaur hasita, hainbat hitzaldi izango dituzte hurrengo asteetan beste eskualde batzuetako esperientziak ezagutzeko.
Iraia OIARZABAL | DONOSTIA
Sakanako eskualdea bereziki kaltetu du krisi ekonomikoak. Gaur egun 1.800 lagun daude langabezian eta, Sakantzen Sareak dioenaren arabera, egoerak ez du hobera egiteko itxurarik. Hori dela eta, sarearen sustatzaileek jarduera berriak garatu beharra dagoela nabarmendu zuten, horretarako eskualdeak dituen baliabide propioak erabiliz.
Inguruaren garapen iraunkorra da Sakantzen Sarearen xede nagusia eta, bide horretan, kooperatiben funtzionamendua dute eredu. Gaurtik hasita maiatzaren 23ra bitartean, hitzaldiak egingo dituzte Sakanako hainbat herritan.
Lehenengo hitzaldia Irurtzunen izango da, Cristina Bayona soziologo eta landa garapeneko adituaren eskutik. Bere esperientzia Nafarroako eki-erdialdean zentratzen da eta bertan gauzatutako dinamikak aurkeztuko ditu.
Maiatzaren 2an, Sabin Kortabitarte izango da Arbizun Lea ibarreko esperientziaren berri ematen. Izan ere, eskualde honetako herri txikiek ere krisi egoerei aurre egin behar izan diete aurreko hamarkadetan. Gaur egun, ekintzailetzan pauso handiak eman ditu eta hori izango da, hain zuzen ere, Arbizura eramango duten argazkia.
Jaime Izquierdo (maiatzak 10), Jakoba Errekondo (maiatzak 17) eta Juan Jose Ansoategi (maiatzak 23) izango dira gainerako hizlariak. Errekondok Zeraingo berri emango du eta Ansoategi, Fagor taldeko lehendakari ohia, berriz, kooperatibaren inguruan arituko da.
Egoeraren larritasuna dela- eta, enplegua sortzea da sarearen lehentasuna, horretarako eskualdeko baliabideen garapena baliatuz. Hala, datozen hamar urteetan 500 lanpostu sortzea jarri dute erronka gisa.
Kooperatiben izaera eta funtzionamendua da Sakantzen Sarearen eredu nagusietakoa, Hori horrela, maiatzaren 23an Jose Ansoategi Fagor Taldeko lehendakari ohiak emango du hitzaldia.