«Bilbao-New York-Bilbao» Gallimardek argitaratuko du
Gallimard argitaletxeak emango du argitara Kirmen Uriberen «Bilbao-New York-Bilbao» nobelaren frantsesezko itzulpena. «Du Monde Entier» bilduman kaleratuko da datorren maiatzaren 29an, mundu osoko autore entzutetsuenekin batera.A. ARRUTI | BILBO
Frantziar Estatuko argitaletxe nagusienetakoa da Gallimard eta eurek kaleratuko dute Kirmen Uriberen «Bilbao-New York-Bilbao» nobela. Itzulpena Gersende Camenenen esku egon da eta maiatzaren 29an aurkeztuko da Parisen.
Gallimarden «Du Monde Entier» bildumarako aukeratu dute, hain zuzen, ondarroarraren nobela. 1931an sortu zuten atzerriko literatura ezagutzera eman asmoz eta dagoeneko mundu osoko 800 bat idazleren lanak argitaratu dituzte, 1.700 titulu inguru guztira, 35 hizkuntzetatik itzuliak. Horien artean salduena, 1956an argitaratutako Boris Pasternaken «Doctor Zhivago», 430.000 alerekin. «Azken hamarkadetako mundu mailako izen handiei leial mantendu gara eta talentu berrien aitortza ere sustatu dugu», dio argitaletxeak bere web orrialdean.
Argitaratu dituzten izenen artean ageri dira, besteak beste, Faulkner, Hemingway, Steinbeck, Roth, Bellow, Vargas Llosa, Handke, Martin Amis, Ian McEwan, Zadie Smith, Roy Arundhaty, Manuel Rivas, Amos Oz...
Uribek aurreratu zuenez, oso pozik daude eskainitako aukera honekin eta dagoeneko liburu-saltzaileen aldizkarian argitaratutako lehenengo aipamena «oso ona» dela adierazi zuen.
Gallimardek beti erabiltzen dituen kolore horixka azalaren gainetik, argazkiekin egindako estalkia eransten zaie bilduma honetako liburuei eta Uriberenean itsasontzi bat ageri da, gainetik marrazo itxurako hegazkin bat pasatzen zaion bitartean.
Galway-ko jaialdian
Egunotan Kirmen Uribe San Frantziskon dabil baina etenalditxo bat egin du Irlandako Galway herrian ospatzen ari den Nazioarteko Literatura jaialdian parte hartzeko. Igandera bitartean luzatuko da jaialdia eta bihar Uribe hitzaldi batean izango da Manuel Rivasekin batera.
«Galway Advertiser» egunkariak elkarrizketa egin dio gainera. «Itsasoa beti da idazteko arrazoi» titulatu dute eta bere ibilbidearen errepaso zabala egin dute.
Mundu osoko idazleen lanak biltzen dituen «Du Monde Entier» bilduma 1931an sortu zen, azken hamarkadetako mundu mailako izen handiei leial mantendu eta talentu berrien aitortza egiteko.
Bilduma honetako lan salduena 1956an argitaratutako Boris Pasternaken «Doctor Zhivago» izan da, 430.000 alerekin. Dagoeneko mundu osoko 800 idazleren lanak argitaratu dituzte, 1.700 titulu inguru guztira.