Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Jonen belarriak
Ondorioak ateratzen hasi baino lehen, Jonen belarriei galdetu behar zenbat musika entzuten duten egunean zehar. Gaitasunez bikainak gertatzen diren belarri horiek esan beharko ligukete zer egosten den burmuin horretan, belarri batetik datorren informazioak, bestetik datorrenarekin bat egiten duenean. Zer-nolako mariak sortzen diren, batetik, Itoizek, eta bestetik, Animal Collectivek bat egiten dutenean, Will Oldmanek eta Mixel Labegeriek, Lertxundik eta Lambchopek. Eta eskerrak bi belarri bakarrik dituen. Ez nuke imajinatu nahiko euskalindierockerocountrypopzale honek zer saltsa edukiko lukeen bestela.
Gure garaian sinpleagoa zen, belarri esteroa geneukan: batekin Lou Reed entzuten genuen eta bestearekin Pantxoa eta Peio, porroak erretzen genituen manifetan eta pegatinekin joaten ginen rock jaialdietara. Guretzat euskal musika kaxoi bakarra zen eta kanpoko musika guztia beste kaxoi batean sartzen genuen. Gaur egun, nago belarri gehiago beharko genituzkeela gure jatorriaren eta munduaren arteko oreka musikala bilatzeko. Meritu gehiago Jonentzat.
Dena dela, eta konplexu kontuetan sartuko gara, erdal munduetatik leporatzen dizkigutenak (itxiak, munduari bizkarra emanak...) sinesten jarraitzen ditugulakoan nago. Euskaraz egindako musika garaikiderik existituko ez balitz bezala. Okerrago, euskaraz egindako musika garaikiderik existitu ezingo balu bezala, edo are okerrago, hemen egin daitekeen musika garaikide bakarra erdaretan egin beharko bagenu bezala. Kondena latza gurea. Zorionez, bi belarri edukitzeaz gain, Jon idazle eta kazetaria da. Beraz, entzuten duenak sortzen diona azaltzeko gai da eta, askotan, bikain azaltzen du. Hobeto ulertzen al duzue, zergatik diren hain estimagarriak Jonen belarriak?