Julen MURGOITIO
Marasma-sarean kulunka
Euria da ta euria da, E! euria da ta euria da, E!... euria da ta Euskal Herrian! Beno, Euskal Herriko eskualde askotan, sikiera. Zaila da jakitea itsasoaren eta lehorraren arteko muga non den; Kantauri-aldean zaila, Ebro-aldean beste. Antxoak ere galduta ei dabiltza Ebro aldean. Mundu aldrebesa gero! Hau kolpea! E!, zenbat eta ozenago kanta, hainbat eta euri gehiago bota! Urtegiak asper eginda ei daude, beren hormak beste. Saiatu arren, udaberrian behintzat mozketarik egin ezin izan duten seinale. Gaitz erdi! Izango da gero, udaren azkenean, paisaiaren berdea non gozaturik. Tira, harira! Euria denean, zer eta euritakoa, edo aterkia; konforme, baina guardasola? Hori don/k eta, guardasola! Ez dakit horretaz Wikipedia horrek zer definizio ematen duen, baina nik esango nuke guardasola dela baikorren euritakoa. Portzierto, Bizkaitik atera gabe, lehenago ikusiko dugu hor etxeko zaborra atez ate biltzen Metroko kontua konponbidean ipini baino. Apusturik ote?
Mundu aldrebesa, bai. Orain ez asko errumaniarrak Bizkaira etortzen ziren, lurrezko pateraz etorri ere. Orain, ostera, bizkaitarrak joango dira hara, gehienak airezko pateraz. Hau kolpea! Hemengoentzat errumaniarrak etorkinak badira, hangoentzat euskaldunak dira etorkinak! Tira, harira! Izango da zer ikusirik hango futbol zelaian azken partiduaren orduan, eta ez nago baloiaz prezisamente. Batzuek harmailei begira egongo dira, telebistaz bada ere, notak hartzen. Europar Batasuneko Estatu bereko talde bi elkarren kontra, nork berea astinduz, batzuek bandera, ikurrina besteek, buruz buru. Estatu horretatik kanpokoek izango dute zer ikasi, zer ikusi izan gainean. Hau kolpea ere! Handik egun gutxira beste final bat, beheko Estatuaren hiriburuan kasuan. Estatuko talde bi aurrez aurre, nork berea astinduz, ikurrina izan edo senyera izan, besterik ez. Baten batzuk hurrengo egunean enteratuko dira partiduaren emaitzaz. Eta harmailetan zaleak, aurresku eta sardana artean, euskaraz eta katalanez kantuka palkoari begira, aspaldiko gaztelerazko ume-kantu hura gozatuta, elefanteak marasma-sare batean kulunkatzen zirenekoa, hasieran bat, gero bi, hiru ondoren, lau segidan, eta bost ere... zabunkatzen. Bai estatu arraroa gero, beheko hori! Gauza dira partidua baino lehen artaziak sartzeko... marasma-sareetan. Kapaz!