GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euria, San Prudentzio egunean, festarako traba baina ez eragozle

San Prudentzio egunean euria egitea ohikoena da. Horregatik, arabarrentzat herrialdearen patroiaren festan Armentiara joateko ez da oztopo izaten. Hori bai, behar bezala jantzita joan beharra dago, zirarekin, aterkiarekin eta botekin. Eta festarako gogoarekin.

p022_f03.jpg

GARA | GASTEIZ

Euria barra-barra egin zuen atzo Gasteizen, Euskal Herriko txoko guztietan bezala. Halere, eguraldia ez zen oztopo izan milaka lagunentzat, eta Armentiako bidea hartu zuten, Arabako patroiaren omenezko erromerian parte hartzeko asmoarekin.

Euria egiten badu ere, ez da etxean geratu behar. «Santu pixontzia» ezizenez ere ezaguna da San Prudentzio, apirilaren 28an beti euria egiten duelako. Horregatik, arabarrak ohituta daude Armentiara zirarekin, aterkiaren eta botarekin joaten. Eta atzo ere ohitura horri eutsi zioten. Bustita jan zituzten taloak eta erroskilak. Aterpea topatzea ezinbestekoa izan zen barraskiloak eta perretxikoak bazkaltzeko.

Zaparrada ederra izan zen bezperan ere, santuaren omenez Gasteizko Udaleko eta Arabako Aldundiko atabalariek eta tronpetariek eskaintzen dioten erretretan. Horren ostean, aurreikusita zeuden ekitaldiak bertan behar utzi behar zituzten euri zela-eta.

Milaka arabarrekin batera, agintariak ere Armentiara joan ziren, San Prudentzioren omenez basilikan Gasteizko gotzain Miguel Asurmendik eman zuen meza entzuteko. Ondoren, aurreskua dantzatu zuten elizaren atarian.

Meza entzun eta gero, agintariak Artium museora joan ziren. Aldundiak urtero Arabako Domina ematen dio herrialdearen mesedetan lan egin duen pertsona edo erakunde bati. Aurten Vital Kutxari eman dio domina eta erakunde horretako presidente Carlos Zapaterok jaso zuen.

Javier de Andres ahaldun nagusiak «alderdi guztien laguntza eskatu zuen» krisiari aurre egiteko. «Une hauetan erakundeek erabaki zailak hartu behar dituzte. Zailak, baina beharrezkoak krisia amaitzen denean leku egokian izateko», esan zuen.

Aurten bertan behera gelditu da Aldundiak Arabako jendarteari eskaintzen zion harrera ofiziala. Baina euriak ez zuen zerikusik izan horretan. Krisia dela-eta hartu zuten erabakia.

Plaza Berrian, Gasteiz Irratiak sei mila errazio txokolate banatu zituen, duela 25 urteko ohiturari jarraituz. Aurten, David de Jorge sukaldariak munduko Errusiako pastel handiena prestatu zuen txokolatearekin bustitzeko Arabako gozogileen elkartearen laguntzarekin. Pastela prestatzeko arrautza zuringoa, almendra irina, azukrea eta gurina erabili zuten. 1,8 metroko zabalera izan zuen eta hiru metroko altuera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo