European Challenge
Biarritz Londreseko finalean izango da
BIARRITZ 19
BRIVE 0
Jon LEUNDA
Biarritzek denboraldia txukuntzeko duen aukera ez du alferrik galdu nahi, eta atzo Brive mendean hartu ostean, Toulonen aurka jokatuko du European Challengeko finala, Londresen, maiatzaren 18an. Toulonek 32 eta 19 irabazi zion Stade Français taldeari beste finalerdian.
Hau da, dudarik gabe, Biarritzek urte osoan izan duen unerik onena. Atzo Brive baino askoz ere gehiago izan zen. Baldintzak oso txarrak ziren errugbian aritzeko, euriak asko zailtzen baitu baloia eskura jokatzea, baina Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek horri buelta ematen jakin zuten, eta amaieran saria jasotzeko moduan izan ziren.
Atzokoan berriro ere Dimitri Yachvili izan zen partidako protagonista nagusia. Garbi dago jaurtitzailea ongi baldin bada, Biarritz ongi dela, bere behar handia baitu Agilerako taldeak.
Etxekoak erasora atera ziren hasieratik, eta horri esker bi zigor-kolpe onak lortu zituzten, biak Yachvilik jaurti zituen, eta 6-0koa jarri zuen markagailuan. Horrek ez zuen bi taldeen jokoa batere aldatu, eta etxekoek erasora jarraitu zuten, Traillek entsegua lortu zuen arte. Jaurtiketarekin Yachvilik berriro ere ez zuen hutsik egin, eta 13-0koa jarri zuen markagailuan. Emaitza horrekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian gauzak area zailagoak izan ziren, berdegunea oso irristakorra zegoen, eta baloia eskura jokatzea ia ezinezkoa zen. Hala ere, zuri-gorriek nagusi izaten jarraitzen zuten, eta beste bi zigor atera zituzten, eta biak barrura sartu zituen Dimitri Yachvilik.
Aldea ez zen handiegia, baina Brivek ez zuen batere estutzen etxeko taldea, eta hortik aurrera baloiari eustea nahikoa izan zuten garaipena eskuratu eta finalerako txartela lortzeko. Orain, Biarritzek datorren astean bertan lortu beharko luke Top 14an jarraitzeko txartela, eta gero Londresen jokatuko den final handia behar den bezala prestatu.