GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Txarrena galtzailea kontsolatzea izango da

Jokin ETXANIZ | Aspeko zuzendari teknikoa

Aspaldiko partez, finala lasai ikustea tokatuko zait, botilero lanik egin behar izango ez dudalako eta garaipena etxean geratuko den ziurtasun osoa daukagulako. Urduritasuna pilotari batek bere maila ematen ez duela ikusten badut sortuko da bakarrik; hor, eta partida amaieran. Izan ere, bikoteren bat kontsolatzea tokatuko zaigu, irabazten duenari ez dago ezer esan beharrik, baina tokatu izan zait, eta galtzen duenarekin egotea ez da xamurra.

Finalari dagokionean, oso final irekia ikusten dut. Badakit jendeari azkeneko partidak geratzen zaizkiola buruan eta alde horretatik, Titin III.a eta Merino II.a izango direla apur bat faborito. Gasteizen partida oso ikusgarria osatu zuten errioxarrek, epikotik ere izan zuena. Xala eta Laskurain sailkatzeko modua, ordea, oso bestelakoa izan zen, lana eginda, asko sufrituz eta markagailuan atzetik hasita. Horregatik guztiagatik, urdinak faborito irten daitezke, baina nik oso orekatua ikusten dut.

Martinez de Irujo, Aimar eta hauek agertu zirenetik, azken urteetan final gehienak aurreko koadroetan erabaki ohi izan dira, baina esango nuke, nolabait, oraingo honetan finalak betiko eskema berreskuratzen duela. Aurrelarien amaitzeko ahalmenak zerikusi handia izango du, baina partidaren giltza atzelarien lanean ikusten dut, bietakoren batek behera egiten badu, arerioek asko izango dute aurreratua txapela janzteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo