GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Martin Mendizabal Garai | Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikasle Kontseilua

UPV-EHU, bete zure konpromisoak

 

Honela dio 2009. urtean EHUko Filosofia Lizentziaturako matrikulako gordekineko lehenengo puntuak: «Euskal Herriko Unibertsitatea titulazioak aldatzeko prozesuan murgilduta dago Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko (Boloniako prozesua). Graduko titulazio berriak 2010/11 ikasturtetik aurrera eskainiko dira. Gure unibertsitateko ikasleek aukera izango dute hasita dituzten ikasketak edo 2009/10 ikasturtean hasiko dituztenak bukatzeko, edo, bestela, titulazio horren ordez emango den gradu berria egiteko; guztia titulu berria jarri eta zaharra kentzeko onartutako egutegiaren arabera. Konpromiso hori beteko dugu diplomatura guztietan, lizentziaturetan, bigarren zikloko lizentziaturetan, arkitekturetan eta ingeniaritzetan (teknikoetan zein goi mailakoetan), betiere, ikasleak matrikula eginda badauka edo 2009/10 ikasturtean egingo badu».

Hemen azaltzen den guztia erretorika faltsua besterik ez da. Aurreko kurtsoaren amaiera aldean, Esteban Antxustegi irakasleak nahi gabe eta bere borondate zintzoz esan zigunez, hilabeteak zeramatzaten 2011/12ko lizentziatura plana argudiatzen.

Eztabaida puntu nagusiak ondorengoak ziren: (1) Boloniako 2. kurtsoko eta Lizentziaturako 3. kurtsoko planetan, gutxi gorabehera kointziditzen zuten irakasgaiak batzea, hots, Bolonia planeko Estetika eta Arteen Teoria eta Lizentziaturako Estetika I irakasgaia baita Filosofia Politikoa I irakasgaia ere. (2) Filosofia Lizentziaturako 2. zikloko hautazko irakasgai guztiak erdara hutsez ematea. (3) Filosofia Lizentziaturako hautazko irakasgaiak murriztea. (4) Ikasturteko ordutegiak Lizentziaturako ikasleentzat goiz eta arratsaldez izatea.

Honen aurrean azaro aldera Dekanotzarekin bildu ginen gure kezkak plazaratzeko xedearekin. 2. puntuaren inguruan erantzun positiboa izan genuen eta 2. lauhilekoan bi hautazko irakasgai euskaraz gauzatzeko aukera daukagu gure erreklamazioei esker. 1. puntuan, ordea, erantzuna ezezkoa izan zen, eta ondorioz, indarrean dagoen Lizentziaturako plan pedagogikoa Boloniakoarekin nahastua izan da, honek ekarri duen anabasarekin, bai Bolonia planeko ikasleentzat, bai Lizentziaturakoentzat. 3. puntuari dagokionez, hau da, hautazko irakasgaiak murrizteak gure eskubideak ez zituela murrizten zioten, irakasgaiak hautatzeko aukera baitaukagu. Hortaz, kasu batzuetan, hautazko irakasgaiak derrigorrezko bihurtzen dira. Azkeneko puntuaren inguruan, espazio faltari atxikitzen diote erantzukizuna. Hala ere, graduko ordutegia guztiz bestelakoa da karrera guzti-guztietan.

Eta hurrengo ikasturtean, zer? Filosofia Politikoa II irakasgaiarekin «esperimentu» bera egin nahi dute; aurreko urtean bezalaxe bi plan pedagogikoak nahastu. Egoera honen guztiaren erantzule nagusia Filosofia eta Balioen saileko arduraduna da, hau da, Mari Luz Esteban. Gure erreklamazioaren aurrean, pertsona honen erantzuna ondorengoa da: «Hurrengo urteko egoera ez da inolaz ere aldatuko, Filosofia Politikoa II irakasgaia gradukoekin batera emango duzue». Ordutegiei dagokienez, bere horretan jarraituko dute, hau da, goiz eta arratsaldez, honek lan egiteko nahiz eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzeko ekartzen dituen zailtasunekin. Hautazko irakasgaien eskaintza ere, ez dirudi ikasturte honetakoa baino zabalagoa izango denik. Beraz, honek guzti honek argi azaltzen du EHUk hartutako «konpromisoak» zeintzuk diren, hots, guk hasitako ikasketak beste plan pedagogiko batean bukatzea, eta ikasleen iritzia kontuan hartu gabe gauzatzea.

Horiek horrela, argi daukagu gure karrerako murrizketa hauek beste karrera batzuen ispilu bat direla, Pedagogian nahiz beste ikasketa batzuetan kasu. Gainera, ziur gaude Lizentziaturako planeko ikasleek ez ezik, Bolonia planekoek antzekoak edo murrizketa sakonagoak jasango dituztela etorkizunean. Eredu neoliberalak ikasketak merkantzia huts izatera mugatzen ditu, zaharkituta geratzen zaizkien ikasketa planak lehenbailehen gainetik kentzeko inolako errukirik izan gabe, trapu huts bat balira bezala baztertuz. Beraien terminologia propioa erabiliz, lizentziatura plana «Plan de extinción» batean dago. Ikasleak modu utilitarista batean erabiliak gara beraien interesen alde, txotxongilo soil bat izatera pasatuz. Bolonia plana «Estrategia Universidad 2015» txostenean aurreratzen denez, ez da unibertsitatearen erreforma inozo bat. Aitzitik, oso ondo landutako proiektu bat da, sistema unibertsitario guztia interes enpresarialen menpe jartzen duelarik. Honek ekarriko dituen ondorioak unibertsitateko tasen igoera, «produktiboak» ez diren karreren desagerpena eta gestio enpresarialeko irizpideak aplikatzea izango dira, beste gauza askoren artean. Bidea, 1999. urtean Boloniako adierazpena sinatu zuten momentutik markatuta daukate: Unibertsitatearen pribatizazioa, eta murrizketa hauek guztiak plan horretara bideratuta dauden neurriak besterik ez dira.

Zenbait irakasle ordea, Udaltop bezalako topaketetan feminismoak euskarari egin diezaiokeen ekarpenari buruzko eztabaidan diharduten bitartean, beren erantzukizun unibertsitarioei muzin egiten ari dira, beraiek ezarritako legea errespetatu gabe eta aldi berean Bolonia plan neoliberala konplexurik gabe babestuz. Horren aurrean, instituzio unibertsitarioak bere konpromisoak betetzeko daukan disposizioa ikusita, ikasleok eraso hauen aurrean tinko erantzutea beste aukerarik ez dugu. Gure etorkizuna deuseztatu nahi duten putreei gogo eta irmo biziz aurre egin behar diegu gure eskubideak borrokatuz, eta bide honetan ikasle nahiz irakasleen lan, babes eta ekarpenak behar ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo