GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Faboritoek ez dute hutsik egin

Lau pilotariek sekulako ikuskizuna eman zuten, eta amaieran, Moderne betetzen zuten zaleek zutik jarrita txalotu zituzten.

p049_f01_342x324.jpg

IBARROLA-HARIZMENDI 40

BIELLE-OZAFRAIN 37

 

Jon LEUNDA

Ibarrolak eta Harizmendik, atzoko finala irabazteko faboritoek, bereganatu zuten Binakako aurtengo txapela. Ibarrolak hirugarren aldiz lortu du garaipena, eta lehen aldiz, Harizmendik.

Atzo, ordea, ikuskizuna aparta izan zen Modernen, eta hori da finaletik atera daitekeen ondoriorik onena. Azken urte hauetako finalak ez dira ikusgarriegiak izan, baina atzo sekulakoa izan zen. Lau pilotariek norgehiagoka handia egin zuten, eta amaierara arte emozioa ere ez zen galdu. Neurketak denetik izan zuen. Lehen tantoetako orekaren ostean, faboritoek aurre hartu zuten, baina ezin zuten tarte handirik zabaldu.

Biellek eta Ozafrainek lanean ongi jarraitzen zuten, eta saria ere lortu zuten, 26-26 berdindu zutenean. Hortik aurrera galtzaileek abantaila hartu zuten markagailuan, eta 4-8ko partziala lortu zuten 30-34 aurretik jartzeko. Orduan agertu ziren Ibarrolaren urduritasunak, eta une batez bazirudien ezustea ere izan zitekeela Modernen.

Azken txanpa honetan, ordea, Harizmendik erabaki zuen. Ozafrainek arazo batzuk izan zituen eskuetan, pilota gozatu ezinik aritu zen, eta Harizmendik ez zuen barkatu. Gain hartzen hasi zen, eta neurketa berdindu egin zuten 34 tantotan, gero beste lau kintze egin, eta 38-34koa markagailuan jartzeko. Orain, bazirudien txapela faboritoek eramango zutela, baina Bielle eta Ozafrain ez zeuden barkatzeko, eta berriro ere kintze batera hurbildu ziren, 38-37, baina ezin izan zuten gehiago egin, eta Ibarrolak eta Harizmendik txapela jantzi zuten. Amaierako argazkia, ordea, harmailetan egon zen, zutik jarri eta lau pilotariak gogoz txalotu baitzituzten, lana eskertu nahian.

Ibarrola: «Ez dugu inoiz amore eman eta amaieran saria jaso dugu»

«Galtzen ari ginenean ere ez dugu amore eman, beti aurrera egin dugu, eta amaieran saria jaso dugu», esan zuen Patrick Ibarrolak, bukaeran. «Partida oso gogorra izan da, lan asko egin behar izan dugu. Harizmendik oso final ona egin du. Nik huts batzuk egin ditut, baina bera bikain aritu da», erantsi zuen.

«Nire lehen txapela da, eta horrek poz handia ematen du. Finala gogorra izan da, laurok egin dugu neurketa handia, eta guk izan dugu irabazteko zortea», esan zuen Harizmendik. «Partida bortitza izan da, eta azken partean ezin izan dut nahi bezala jokatu», esan zuen Patrick Ozafrainek.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo