GARA > Idatzia > Kultura

Txillardegiren ekarpenetara hurbiltzeko saiakera lana

Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» zenaren ekarpen zabalera hurbilpen bat egin du Fito Rodriguezek Erein argitaletxearekin kaleratutako saiakera laburrean. Sei ataletan banatuta dago eta ekarpen horiek testuinguru eta arrazoietan kokatzen laguntzen du.
p052_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Liburu hau ez nuen idatzi nahi» esanez hasten du Fito Rodriguezek «Txillardegi» saiakera, eta liburuaren azalean ere, hitz horiexek ageri dira. «Ez bainuen uste, besteak beste, Txillardegiren emaria liburutto batean kabitzen zenik», jarraitzen du. Azkenean, ordea, Erein argitaletxeko Haran bildumako Antxon Lafont zuzendariak konbentzitu zuen Rodriguez idazteko. «Nik kazetari bat edo beste gomendatu nizkion, baina nik neronek egin behar nuela esan zidan eta errenditu egin nintzen horren aurrean. Ez naiz kazetaria baina azkenean pentsatu nuen Euskal Herriak zorra baduela Txillardegirekiko eta hortaz idatzi dut lehenengo hurbilketa hau».

Helburua urtarrilean zendu zen hizkuntzalari, euskaltzale, idazle eta militante historikoaren inguruan jakin-mina sortzea da. «Eserialdi bateko irakurketa» batean, Txillardegiren obra ezagutzeko gida baino, bere ekarpenaren zertzeladak eta haiek nondik nora etorritakoak diren ulertzeko anekdotak ere biltzen ditu. «Ez da oinarrizko ezer, ez da laburpen bat... hurbilpen bat da bakarrik; ziur aski, gauza gehiago etorriko dira hemendik aurrera», esan zuen.

Sei ataletan banatu du liburua hogei bat urtez Txillardegirekin lanean aritu zen Rodriguezek: Euskara batua, euskaldunon batasunaren oinarria; hizkuntzaren «statusaren» aldarrikapena; politikaren bidean; literatura; saiakera; eta Txillardegi, aberkide intelektuala. «Corpusarekin funtsezkoa da euskara batuari buruz berak egin zuen ekarpena. Baina corpusaren gainean, badago hizkuntzaren statusaren aldarrikapena. Eta horrek ekarri du Estatu baten aldarrikapena, hau da, aldarrikapen politikoa, euskararentzako legedia bat eta antolaketa berezi bat. Horrek eramaten gaitu zuzenean bere literaturara, bere saiakeragintzara eta bere politikara, non oinarri-oinarrian dagoen aberriaren kontzeptu bat, nazio kontzeptu bat, eta horren bidetik egin ditu bere ekarpen guztiak».

Mintegia UEUn

Liburu hau ez da Txillardegi omentzeko egingo den ekintza bakarra. Izan ere, ekainaren 27tik 29ra Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) mintegi bat antolatu dute bere figura oroitzeko. Alde batetik, Laura Mintegik eta Ander Iturriozek bere literatura aztertuko dute.

Bestetik, horren gainean hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik zer-nolako ekarpenak egin zituen landuko dute. Glotodidaktika eta glotopolitika izango ditu ardatz hurrengo saioak; eta azkenik, politikaren gakoak independentziara bidean izango ditu aztergai Gabriel Ezkurdiak. Saiakeragintzari buruz Fito Rodriguez berak hitz egingo du eta Markos Zapiainek irakurketa filosofiko baterako proposamena egingo du. Horretaz gain, hasierako testuak irakurriko dituzte.

Irakurraldi kolektiboa, liburu askatzea edota gaztetxeak eta literatura, Arrasateko III. «Literaturjauziak» jardunaldietan

Arrasateko AED elkarteak «Literaturjauziak» jardunaldiak antolatu ditu hirugarren urtez. Euskarazko literatura herritarrei hurbiltzea helburu duen ekimenak sei ekitaldi izango ditu aurten, maiatzaren 5ean hasi eta 13ra bitartean. Aurrena Aiert Zubigarai marrazkilariak eskainiko duen komiki eta sorkuntza tailerra izango da. Hilaren 5ean eta 12an izango dira saioak. Igandean, berriz, Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak solasaldia eskainiko du gaztetxeen eta literaturaren arteko harremanari buruz. 18.00etan hasiko da Gaztetxean bertan.

Iazko esperientzia errepikatuz, maiatzaren 7an liburu askatzea edo bookcrossing-a egingo da. Horretarako, euskarazko literaturaren «harribitxi» batzuk aukeratu dituzte, Sarrionandia, Izagirre, Lertxundi eta Aristiren obrak, besteak beste. Ostegunean, hilaren 10ean, 25. literatur lehiaketaren irabazleak jakinaraziko dira Kultur Aten egingo den ekitaldian. Jasone Osorok banatuko ditu sariak. Ostiralean Txillardegi izango dute gogoan: bere eleberrietan oinarritutako irakurraldia egingo dute. Hogei testu labur irakurriko dituzte, Arrasate Musikaleko harizko talde baten laguntzarekin. Eta, bukatzeko, igandean, «Euslandia unibertso txiki bat hitzetan eta marrazkietan» emanaldia eskainiko dute Miriam Lukik eta Concetta Probanzak, Kultur Aten.

A.A.

HASIERA BAINO EZ

Liburua «hurbilpen» bat da, etorriko direnen artean lehenengoa. UEUko mintegian arlo ezberdinetatik aztertuko dute bere obra, eta Arrasaten, maiatzaren 11n, irakurraldi kolektiboa egingo dute, «Literaturjauziak» jardunaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo