Euskal jokalariak
Iker Lasarte: «Gaur egun, ez du kanpora joatea merezi»
Ondarroako jokalariak ibilbide luzea darama futbolean. Athletic B, Barakaldo, Mirandes, Villanovense, Motril, Conquense, Oviedo, Lealtad eta Condal ditu bere taldeen zerrendan. Egun, azken honetan jokatzen ari da.
Jon LEUNDA
Ondarroakoa da Iker Lasarte, eta une honetan Asturiasko Condal taldean jokatzen ari da, Hirugarren Mailan. Athletic B, Barakaldo, Mirandes, Villanovense, Conquense, Motril, Oviedo eta Lealtad taldeetan aritua da aurretik, besteak beste. Gauzak asko aldatzen ez badira, gainera, aurtengoa izan daiteke Euskal Herritik kanpo jokatzen duen azkeneko denboraldia.
«Jende gutxik daki non ari naizen. Askorentzat Oviedon galtzen da nire pista. Talde honekin kontratua amaitu nuenean, ez zidaten berritu, baina ordurako Oviedoko neska batekin nenbilen, eta zalantzan egon nintzen hemen geratu edo hor zehar jarraitu. Azkenean, maitasunak irabazi zuen, eta hemen geratzea erabaki nuen», adierazi zuen ondarroarrak.
Hala ere, berak nahiko garbi dauka hau izango dela etxetik kanpo jokatzen duen azken urtea. «Egia esan, etxeratzeko asmotan nabil, eta ekainean, hemen denboraldia amaitzen denean, joateko asmoa dut», dio. «Hori bai, futbolean jarraituko dut. Bigarren B Mailan jokatzea zaila ikusten dut, nahiz eta aukeraren bat izanez gero, jokatuko dudan. Bestela, Hirugarren Mailako talderen bat topatu nahi dut, eta ez duela merezi ikusten badut, herriko taldean, Aurreran jokatuko dut. Gipuzkoako Preferenten ari den taldean», gehitu du.
Izan ere, gaur egun kanpoan jokatzea ez duela merezi dio: «Gauzak dauden bezala, ez du merezi kanpora joatea, arrisku gehiegi hartzea da. Orain dela urte pare batera arte orokorrean gauzak nahiko ongi zeuden. Hemen baino diru gehiago irabazten zen, eta talderik gehienek ordaintzen zuten. Orain, ordea, kobratzeko arazo handiak daude. Talde askok ez dakite denboraldi osoa ordaintzeko moduan egongo diren edo ez ere. Gainera, orain etxea ere norberak topatu eta ordaindu behar du».
«Oso gustura»
Dena dela, aurten Condalen oso gustura dagoela argi eta garbi utzi nahi du. «Oviedo utzi eta iaz arte Lealtad taldean aritu nintzen. Iaz, ordea, ordainketa arazoak izan zituzten eta uztea erabaki nuen. Aurten, Condalen eskaintza jaso nuen. Alde batetik dirua eskaintzen zidaten, baina bizitzeko nahikoa ez, eta lana ere topatuko zidatela agindu zidaten. Agindutako dirua hil amaieran ordaintzen dute, egunik galdu gabe, eta lana bilatu didate. Bertan dagoen jendea ere oso jatorra da. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz», aitortu du Iker Lasartek.
Liga amaitzear dago, eta laster hasiko dira igoera faseak. Condal ia orain arte igoerako kanporaketan sartzeko ibili da, baina ia aukerarik gabe geratu da. Hirugarren Mailako euskal taldeak bi multzotan banatuta daude, eta Lasartek ez du uste Asturiaskoa hemengoak baino hobea denik. «Nik uste dut bai EAEkoa edota Nafarroakoa honen modukoak direla. Hemen sei edo zazpi daude ordaintzen dutenak, eta horiek izaten dituzte jokalaririk onenak batzeko aukerak, eta hortik gainerakoetara alde handia dago, baina hori multzo guztietan gertatzen dena da. Nik uste dut gainerakoan dauden beste multzoekin alderatuta, berdintsua dela», dio bizkaitarrak.
Atzera begiratuta, berriz, garbi dauka zein talderekin geratuko litzatekeen: «Agian, urterik onenak Barakaldon eta Mirandesen bizi izan nituen; biekin Bigarren A Mailarako igoera fasea jokatu nuen. Gero, Mirandan jokatzea ederra da, hango giroa bikaina da, leku gutxitan bizi dute futbola han bezala», baieztatu du Iker Lasarte futbolari ondarroarrak.
Urte askoan kanpoan aritu ostean, etxeratzeko garaia heldu zaiola dio Iker Lasartek, eta datorren denboraldian Euskal Herrian jokatzeko asmoa du. Talderik aurkitzen ez badu, bere herriko Aurreran aritu nahi du.
Ondarroako jokalaria talde ugaritan aritua da, eta denentzako hitz onak baldin baditu ere, Mirandan bizitakoa ez omen du sekula ahaztuko. Anduva zelaiko giroa oso zelai gutxitan izaten da, bere hitzetan.