GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Txapelketa

Floren Nazabal ate nagusitik itzuli da lehiaketara

Etxarrikoa jaun eta jabe izan zen atzo, Lazkaon jokatu zen kanporaketan. Berarekin batera, Azurmendik lortu zuen hurrengo saiorako txartela.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek eta Iñaki Azurmendik lortu zuten atzo Lazkaon Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Orain arteko lanak laburrak izan dira, baina atzo hasi eta hemendik aurrera Urrezko Aizkoran ohikoak diren lanak egin beharko dituzte aizkolariek.

Floren Nazabalek iaz ez zuen parte hartu, ez eta aurtengo Binakakoan ere, baina ate nagusitik itzuli da Urrezko Aizkorara, atzo inongo arazorik gabe lortu baitzuen garaipena, eta garbi utzi zuen txapela lortzeko faborito nagusietako bat dela.

Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu aritu ziren. Proba horretan bi berdinketa izan ziren. Nazabalek eta Mujikak 33na kolpetan moztu zuten egurra, eta bi gehiago behar izan zituzten Azurmendik eta Senosiain I.ak.

Bigarren lanean, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra zeinek denbora laburragoan moztu lehiatu ziren, eta Azurmendi eta Senosiain I.a izan ziren azkarrenak, 45 ontzakoa 41 segundoan erdibituta. Ondoren, Nazabal sailkatu zen 45 segundorekin, eta Mujikak, berriz, minutu eta 9 segundo behar izan zituen.

Hirugarren lanean, 45 ontzakoa zutik jarrita bota behar izan zuten. Hor Nazabal izan zen garaile. Etxarrikoak 54 segundo behar izan zituen lana amaitzeko. Haren ondotik, Mujika sailkatu zen, 1.28ko denbora eginda. 1.34 izan zen Azurmendik egindakoa eta 1.38, berriz, Senosiain I.arena.

Laugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren. Nazabalek 2 minutu eta 3 segundoan amaitu zuen lana. 2.44 izan zen Senosiainen denbora; 2.54, Azurmendirena; eta 2.59, Mujikarena.

Azkenik, lau kana-erdiko moztu behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta Nazabal izan zen onena. 7 minutu eta 33 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Bigarren, Azurmendi sailkatu zen, 7.45eko denbora eginda. 8.29 egin zuen Mujikak eta 9.32, Senosiainek. Lan guztiak burutzeko, berriz, Nazabalek 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen. Bigarren, Azurmendi sailkatu zen, eta Arriarangoak 13 minutu eta 29 segundoan burutu zituen egin beharrekoak. Hirugarren, Mujika sailkatu zen, eta bereak egiteko 14 minutu eta 32 segundo behar izan zituen. Laugarren, berriz, Senosiain I.a sailkatu zen, eta Olaguekoak lan guztiak egiteko 15 minutu eta 10 segundo behar izan zituen.

Gazteak

19 urte baino gutxiago dituzten gazteek, berriz, atzo Gasteizen, Estibalizko santutegiaren aurrean, jokatu zuten beren saioa. Hiru aizkolari aritu ziren nor baino nor, hots, Kortxero, Larrea III.a eta Lopez.

Eloy Kortxero zen irabazteko faboritoa eta arabarrak ez zuen hutsik egin, garaipena erdietsi baitzuen, baita hurrengo kanporaketan aritzeko txartela ere. Bigarren, Larrea III.a sailkatu zen, eta honek ere aurrera egin ahal izan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo