Diktadurak ia mila udal langileren kaleratzea eragin zuen Donostian
Genozidioaren biktimen elkarteak egindako txostenean, frankismo garaian egun batetik bestera Donostiako Udalean beren lanpostua galdu zuten ia mila langileren izenak jaso ditu. Bildu eta EAJ elkartearekin bilduko dira gaur, memoriaren alde egin daitezkeen urratsez hitz egiteko.
GARA |
Diktadura frankistaren garaian mila udal langile inguru, funtzionarioak batzuk eta langileak beste batzuk, zuzenean kaleratu zituzten heldu berri ziren udalbatza frankistek. Hala jaso du Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak egin duen txosten batek. Lan horretan, izen-abizenak ez ezik, betetzen zuten lanbidea berreskuratzea lortu dute.
Txosten hori bera udal ordezkariei helarazi die elkarteak, eta, hain zuzen, gaur bertan bilera izango dute Bildu eta EAJrekin. Hitzorduan memoriaren alde egin daitezkeen urratsak eta Udalak, erakunde publikoa den aldetik, egin ditzakeen keinuez hitz egingo dute. Besteak beste, bai lanpostua galdu zutenen bai haien senideen omenez ekitaldi publiko bat egin dadin eskatuko dute, birgaitze gisa.
Halaber, Donostian diktadurak eragin zituen biktimak oroitzeko horien omenez kale bat izendatzeko eskatuko dute, gaur egun, hainbatetan eskatu den arren, ez baitago halakorik hiriburuan. Gaurko bileran -bi alderdiek batera jasoko dituzte elkarteko ordezkariak-, Bulebarrean diktaduraren biktimen omenezko eskultura jartzeko eskaera ere hizpide izango dute.
Cese masivo
Matxinatu ziren militar frankistak Donostian sartzekoak zirela ikusirik, askok hiritik alde egin zuten. Hain zuzen, 1936ko Burgosko Defentsa Nazionalerako Batzordeak plazaratu zuen dekretuaren irizpideak jarraituz, langile horiek guztiak kaleratuak izan ziren. Hainbat espedientetan irakur daitekeenez, hiriburutik alde egin zutenak altxamendu frankistaren aurkakotzat jo eta honela izendatzen zituzten: «Desafectos al Glorioso Movimiento Nacional y a la Cruzada Liberadora de España».
Gizonezkoen izenak jasotzen ditu gehienbat txostenak, baina badira emakumeak ere. Lanbideak, berriz, askotarikoak: kale garbitzaileak, maistrak, udaltzainak, sendagileak, gidariak eta lorezainak, besteak beste.
Langile askok, hirira bueltatu zirenean, espedientea berrikus ziezaieten eskatu zuten. Elkarteak esku artean izan dituen dokumentu batzuen arabera, zenbaitek, gainera, behin baino gehiagotan egin zuten saiakera. Batzuek 1956an ere bai, hots, hogei urte pasa eta gero.