Emakumeen kontrako erasoak ikertu eta borrokatu
Emakume gazte bat hilik gertatu zen Durangon larunbat goizaldean, bosgarren solairutik behera erorita. Gertakaria argitu arte, ez dago sexu indarkeriaren ondorio izan zela esaterik; izan ere, gizon-emakume asko hil ohi dira istripuz, gaixotasunez, edo besterik gabe, oso zaharrak direlako. Baina emakume asko, gehiegi -bakar bat balitz ere gehiegi izango litzatekeen arren-, gizonezko baten erasoaren ondorioz, labankadaz, kolpeka edo leihotik behera «erorita». Emakume gazteak zein zaharrak, gehienetan gizon gazteek zein zaharrek erailda. Durangon hildako emakumea bere borondatearen kontra etxean atxikitzea leporatu dio Ertzaintzak gizonezko bati, eta emakumearen heriotza sexu indarkeria kasua izan daitekeen ikertzen ari da. Oraingoz, ustezko erasotzailea inputatuta baino ez dago, eta esan bezala, ikertu eta argitu beharko dute zer gertatu den. Edonola ere, horrelako kasuak ikertu eta argitzea ez da nahikoa. Herri honetan ohikoak dira instituzioen eta hedabideen kanpaina amaigabeak gizarte alarma eragiten omen duten zenbait gertakariri aurre egiteko; hala ere, gizarte baten alarma ez ezik, lotsa ere piztu behar lukeen fenomenorik badago, emakumeen kontrako indarkeria da hori, eta gizartean hain errotuta egonda, arduradun politikoen agendan lehentasunezko lekua izan behar lukeen arazo larria da, hura amaitzea gizarte osoaren ardura ere badela ahaztu gabe.