60. Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio amerikar komedia berriari
GARA | DONOSTIA
Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak «Very Funny Things. Amerikar komedia berria» izeneko atzera begirakoa eskainiko die AEBetako umorezko zinemaren joera berriei. Izan ere, komedia, Hollywooden tradizio luze-zabala duen generoa, suspertu egin da azken bi hamarkadatan, «egile-komedia» delakoari esker, Zinemaldiaren arduradunek jakinarazi zutenez.
«Very Funny Things. Amerikar komedia berria» sailak, azken urteetako lotsagabekeriarako, desegokitasun politikorako eta satira sozialerako joera erakutsiko du. Zuzendari, gidoigile, aktore eta komikoen belaunaldi berri bat azaldu da genero horren egungo erreferente: Peter Farrelly, Judd Apatow, Todd Phillips, Jared Hess, Ben Stiller, Will Ferrell, Seth Rogen, Jason Segel, Tina Fey, Kristen Wiig, Mike Judge, Trey Parker eta Matt Stone dira horietako batzuk.
Komedia berri horren bilakaera laburtzen duten 30 pelikula aurkeztuko dituzte zikloan, 1980ko hamarkadako zenbait film aitzindari abiapuntu hartuta. «Animal House» (1978), «Meatballs» (1979), «Caddyshack» (1980) eta «Porky's» (1982) dira horietako batzuk.
Bestalde, Zinemaldiak Zinema Eraikitzen sailaren hamargarren urteurrena ospatuko du, «Zinema eraikitzen. Hamar urte Latinoamerikako zinemarekin» zikloarekin. Zikloan, Donostiako Zinemaldian azken hamar urteetan izan diren 18 titulurik nabarmenenak berreskuratuko dira. Film horiek ekimen honi esker amaitu zituzten, eta, ondoren, mundu zabaleko nazioarteko zinema-jaialdietan eman eta saritu dituzte.
Pelikula horien artean daude «Fuera de juego» (Victor Arregui, Ekuador, 2002), «El cielito» (Maria Victoria Menis, Argentina, 2003), «Cinema, aspirinas e urubus» (Marcelo Gomes, Brasil, 2004), «El violín» (Francisco Vargas, Mexiko, 2005), «Una novia errante» (Ana Katz, Argentina, 2006) eta «Gasolina» (Julio Hernández Cordón, Guatemala, 2007), besteak beste.
Bi ziklo horiez gain, aurretik jakinarazita bezala, atzera begirako klasiko bat eskainiko zaio Georges Franju zinemagile frantsesari.