GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egungo krisiaren aurrean alternatiba sinesgarria izan nahi du EHBai koalizioak

EHBaiko hautagai Laurence Hardouinek eta bere ordezko Peio Mentak ofizialki aurkeztu dute bosgarren hauteskunde barrutirako hautagaitza. Presidentetzarako bozen emaitzen biharamunean, EHBai-ren aldeko boza egiaz «baliagarri eta eraginkorra» dela aldarrikatu dute.

p016_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Frantziako presidentetzarako hauteskundeen ondotik, legebiltzarreko bozak izango dira ekainaren 10ean eta 17an. Testuinguru horretan, Laurence Hardouinek eta Peio Mentak, bosgarren hauteskunde barrutirako EHBai-ko hautagaiek, «benetako boz baliagarri eta eraginkorra» beraiek ordezkatzen dutela nabarmendu zuten.

«Legebiltzarrean ez du alderdi sozialistak gehiengoa bildu behar. Kontra-botereak entzunak izateko ezkerrak ere ordezkatua izan behar du», esan zuten. Horrekin, Nicolas Sarkozy presidente ohiaren kanporatzearekin pozik agertu ziren, baina argi utzi zuten ez ziotela alderdi sozialistari itsu-itsuan sostengua emango. «Gure aldarrikapenak entzunarazten jarraituko dugu. Autobus berean jarraitzen dugu, gidaria soilik da aldatu», azpimarratu zuten.

Gaur egun bizi den krisi sozial eta ekonomikoaren aitzinean, EHBain ustez, aberastasun eta lana partekatuz alternatiba sor daiteke. Aberastasunen banaketa, enpresen deslokalizazioak etetea, guztientzako bizileku duina izatea, tokian tokiko zerbitzu publikoak mantentzea, elkartasunean eta berdintasunean oinarrituriko gizartea eraikitzea dira, besteak beste, aipatu zituzten proposamenak.

Gizarte hori sortzeko hurbileko egitura bat izatea ezinbestekotzat jo zuten, eta lurralde elkargo baten sorrera handizki aldarrikatu zuten.

«Herri elkargo baten sorrera aldarrikatzen dugu, ezinbestekoak izango dituen eskumen zabalekin, geroan Departamendua eta eskualdea bezalako egiturak ordezkatzeko», esan zuten. Euskararen eta frantsesaren arteko berdintasuna bultzatzen duen ezagupen ofizialaren eskaera ere luzatu zuten. Parisen Euskal Herriaren hitza entzunarazi nahi zutela goraipatu zuen, horrekin, Laurence Hardouin hautagai nagusiak.

Grenet «atzerakoia»

Laurence Hardouin eta Peio Menta hautagaien agerraldia, Jean Grenet egungo diputatuaren hautagaitza ofizialaren aurkezpenarekin batera izan zen. Hardouinek honela laburbildu zuen Greneten mandatua, bi hitzetan: «Atzerakoia», «ez joatea», eta «agindu pean izatea».

Jarraian azaldu zuenez, «atzerakoia» izatea leporatu zion, lurralde elkargoaren eztabaida aurrera doan heinean Grenetek departamendu baten sorrera aldarrikatzen duelako. «Beti berandu dator», salatu zuen. Eta «ez joateari» dagokionez, frantses legebiltzarrera gutxien joan den diputatua zela nabarmendu zuten, hainbeste non 1.400 eurorainoko isunak bildu dituen.

Azpiegiturak

Maiatzaren 31n, Euskal Herriarentzat bultzatu nahi den garapena aipagai izango duen hitzaldia antolatuko dute Angelun. Martin Garitano, Bakartxo Ruiz, Alain Iriart, eta, Laurence Hardouin izango dira.

AHT-ren aurka

Ekainaren 6an, «AHTri ez, bai eguneroko garraioei!» bigarren eztabaida eginen dute Hiriburun, Laurence Hardouinekin, Alain Iriart auzapezarekin eta Marie-Christine Elizondo laborariarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo