GARA > Idatzia > Kultura

Arte plastikoaren eta poesiaren arteko sinbiosi perfektua lortu du Yamamotok

Izenburutik hasita, erakusketa bitxia da gaur Koldo Mitxelenako Ganbara Aretoan irekiko den «6ko 12. Masafumi Yamamoto eta hamaika poeta». Hamabi collage liburu txiki biltzen ditu, eskuz idatzitako poemekin, eta sei grabatu eta poema liburu (hortik «6ko 12» izena). Aspaldian Bartzelonan bizi den Yamamoto artista japoniarrak egin ditu grabatu eta collageak, eta hamaika poetarekin elkarlanean -tartean bi euskaldun- hizkuntzen koloreak agertu ditu.

p046_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Japonieraz hitz batzuk erranez hasi zuen Masafumi Yamamotok hitzaldia. «Zer, ez al du antzik euskararekin?», galdetu zuen, eta entzuleak irrika jarri. Ondoan zuen Juan Ramon Makusok azaldu zuenez, hizkuntzekiko sentsibilitate handia du 70eko hamarkadatik Katalunian bizi den Yamamotok (Yamanashi, Japonia, 1947), eta parekotasun hori ikusten du. Sarri uztartu du bere obra plastikoa literaturarekin, atxikituta dagoen zerbaitekin bezala lan egiten du hitzekin eta Donostiara ekarri duen erakusketan lengoaien koloreak agertu ditu, sinbiosi perfektua lortuz collage eta grabatuen eta euskaraz, katalanez, galizieraz eta gaztelaniaz idazten duten poeten artean. Jakinarazi zuenez, interes handia du euskara Japoniara eramateko.

«Izotz-mendiak estaltzen du/ zeruko gosea. Amaren bularra/ lehorra dago, aitaren bihotza/ itsaslabar bihurtu da./ Maitasunaren lehorteak/ basamortuan du aurkitu egia», hasten da Makusok Yamamotok bidalitako liburu txikian idatzitako poema, naturaren ingurukoa. Liburu horretako paper japoniarretan, letra txikia egiteko arkatz berezi batekin idatzi zuen naturarekin izandako elkarrizketa, eta hortik abiatuta collagea egin zuen artista plastikoak. Beste poeta batzuekin alderantzizkoa izan da prozesua, hau da, lehendabizi collagea egin du Yamamotok eta horren gaineko beren interpretazio librea idatzi dute poetek. Dena dela, kasu batean ala bestean, emaitza artelan edo adierazpide bakar bat izan da. Makusok erran zuenez, ezin dira bere hitzak ulertu collagetatik kanpo.

2009an ezagutu zuten elkar Makusok eta Yamamotok, Ekain Arte Lanak galerian. Artista japoniarra poeta bila zebilen eta topaketa horretan liluraturik gelditu ziren biak. «Zur eta lur gelditu nintzen bere sentsibilitatearekin, oso berezia izan zen; klik bat sorkuntzan», adierazi zuen Makusok. Eta berak bertze poeta euskaldun bat aurkeztu zion bere obra munduko hainbat lekutan erakutsi duen japoniarrari: Pello Otxoteko. Honek Yamamotoren kalitate artistikoa eta zorroztasuna nabarmendu zituen, baita osatu dituen liburuen edertasuna ere. Orri berezi hauek tolestu eta kaxa bihurtzen dira.

ERREZITALDIAK

Gaur, 19.30ean, inauguratuko dute erakusketa eta Vicenç Altaio, Juan Bufill eta Jose Maria Parreño poetek errezitaldia eginen dute biolinaren laguntzaz.

Juan Bufill, Noni Benegas, Jose Maria Parreño... Hamaika poeta ospetsu

Koldo Mitxelenako Ganbara Aretoko aurtengo bigarren erakusketa ekainaren 9ra arte bisitatzen ahalko da, asteartetik larunbatera, 16.00etatik 20.00etara. Masafumi Yamamotorekin batera, hamaika poeta ezagun dira egileak: Juan Bufill, Noni Benegas, Jose Maria Parreño, Alfonso Alegre, Vicenç Altaio, Chantal Maillard, Andres Sanchez Robayna, Eva Veiga, Benet Rossell eta Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko euskaldunak.

Batzuk, gainera, Donostian izanen dira errezitaldiak egiten: gaur Altaio, Bufill eta Parreño etorriko dira; maiatzaren 24an Benegas, Otxoteko eta Makuso, eta ekainaren 6an Veiga, Sanchez Rabayna eta Alegre. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo