Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak jasoko du XII. Manuel Irujo saria
GARA | LIZARRA
Irujo Etxea Elkarteak Joxe Ulibarrenari emango dio XII. Manuel Irujo saria, «herri honen memoria eta kultura berreskuratzeko egindako lana» eskertzeko. Ekainaren 2an izango da saria banatzeko ekitaldia, 12.30ean Jurramendiko Mankomunitatearen Aretoan, Lizarran. Instituzio eta elkarteetako ordezkariak gonbidatu dituzte bertara, baita aurreko urteetako sarituak ere, Iñaki Perurena, Juan Jose Agirre eta Benito Lertxundi, besteak beste.
Joxe Ulibarrena (Azkoien, 1924) eskultore eta etnografoa da. Pintore eta dekoratzaile gisa hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Iruñean ikasi zuen aurrena, Perez Torres, Muro Urizar eta Enrique Zubirirekin, eta gero Burgosera joan zen lanera, Valeriano Martinez eta Eulogio Valladolid zizelkatzaileen lantegira. Handik Parisera, Cesar eta Marcel Gimonde maisuen jakintzak jasotzera. Hiri honetan erabaki zuen akademietatik atera eta «fisiologikoa ez den eskultura batera igarotzea, bolumenez eta erritmoz betetako eskultura batera».
Frankismo garaian Venezuelara jo behar izan zuen. Monumentu erlijiosoekin lan egin zuen han, baita Caracaseko Euskal Zentroa sustatzen ere, erakusketak antolatzen. 1959an herrira itzuli zenean, Fundación Mariscal don Pedro de Navarra sortu zuen bere seme-alabekin batera, eta fundazio honetatik Nafarroako Museo Etnografikoa ere bultzatu zuen.
Bere monumentuek, adierazteko duen indarrak eta Nafarroako historiari eta askatasunari egindako kantuak egin dute ezagun. Lan batzuk aipatzeagatik, bereak dira Noaingo gudari eskainitako monumentua, Joxe Miel Barandiaranen erretratuak eta Felix Urabayen omentzeko egindako obra.