Markel Olanok Tabakalera proiektua «nora ezean» uztea egotzi dio Bilduri
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurak Aldundiari eskatu zion Tabakalera egitasmoa estrategikotzat hartzeko. Proposamena EAJ-PNV batzarkide taldeak egin zuen eta PPren bozekin soilik onartu zen. Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek ez zuten bozik eman. Jeltzaleen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan zuen: «Guztiok Tabakalera proiektuaren alde egin behar dugu, bai eraikinaren zaharberritzearen alde, bai eraikinak hartuko dituen ekimenen alde; eta horretarako, Foru Aldundiak lehentasunak ezarri behar ditu». Jeltzaleen eledunak «lidergo falta dela-eta, epeak behin eta berriz atzeratzea» leporatu zion Bilduri. «Horrek herritarrengan eragina izan du; izan ere, hauek oso urruti sentitzen dute Tabakalera», ohartarazi zuen.
Gizartearen ilusioa berriz pizteko unea dela agertu zuen, «Tabakalerarekin batera euskaldunon nortasuna dagoelako jokoan».