Bertsolariek ere beren kanabera jarriko dute Etiopiari laguntzeko
Maider IANTZI | DONOSTIA
Larunbatean «Kanaberak Etiopiara» izeneko bertso jaialdi berezia eta solidarioa eginen dute Tolosako Leidor Aretoan, Etiopiautopia fundazioak Wukro hirian (Afrikako eskualdeko iparraldea) duen Kanaberak proiekturako dirua biltzeko. Maialen Lujanbiok atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, bertsolaria bere inguruarekiko inplikazioa duen pertsona da, inguru hurbil zein urrunarekiko. Hala kantatu izan du Andoni Egañak ere: «Urrunekoa hurbil sentitzen ez badugu, hurbilekotik urrun sentituko gara».
Bide horri jarraituz, Angel Olaran hernaniarra Wukron egiten ari den lan handiarekin bat eginen dute Amets Arzallus, Julio Soto, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Andoni Egaña eta Aitor Sarriegik, beren alea jarriz, edo, hobeki erranda, kanabera. Kanaberak eta zuhaitzak landatzen ari baitira Etiopian, lurraren ongarriak bertan gelditzeko, hezetasuna mantentzeko eta belarra hazteko.
22.00etan hasiko da saioa eta 10 euroan eskuratu daitezke sarrerak aretoko leihatilan bertan, Tolosako Raku, Orbalea, Denak eta Kantabriko tabernetan, Villabonako Amasa kafetegian eta Hernanin, Haizea kortse-dendan edo Mikel Lujanbiori eskatuta. Bildutako diru guztia ibaiaren erribera eta ubideak babesteko proiektura bideratuko dute. Egitasmo hau beste zabalago baten barrenean dago, Etiopiako Eliza Katolikoak, Adigrateko Diozesiak eta St. Mary Eskolak sustatutako basoen berritzean.
Miserian, baina duin
Imanol Apalategi Etiopiautopia fundazioko presidenteak Olaran «jeinu hernaniarra» urtetan Utopian egiten ari den lan izugarria goraipatu zuen, umezurtzekin, hiesa dutenekin, janariaren segurtasunaren alde, basoen defentsan... Wukroko St. Mary Eskola ere berak sortua da.
Fundazioa Olaranen helburuekin bat egin eta gizartearen laguntza lortzeko sortu zuten orain dela hiru urte. Iosu Jauregi bertako kideak ez zuen Olaran ezagutzen, baina irratian aditu zuen, bertzeak bertze, zuhaitzak landatzen ari direla kontatzen eta horrek erakarrita bidaiatu zuen Afrikako herrialdera. «Lekuarekin eta jendearekin maitemindu nintzen. Miseria handia dute, baina duintasuna ez dute galdu», nabarmendu zuen.
Azaldu zuenez, hesi berde bat egin nahi dute zuhaitz eta kanaberekin lurra babesteko. Hemen proiektua ezagutarazi eta ekainean hasiko dira landatzen.