Irati JIMENEZ Idazlea
Behar
Ikusi nuen lehendabizikoa bidaiena izan zen: «Hil baino lehen ikusi behar diren 1.001 leku». Berde jarri berri den semaforoan atzekoaren klaxona entzuten nuela sentitu nuen, «utzi bakean!» esateko gogo larria, gizarte azeleratuen exijentzien aurrean.
Gero jakin nuen liburutxoa ez zela anaia bakarra, familia ugariko kidea baino.
«Hil baino lehen irakurri behar diren 1.001 liburu». «Hil baino lehen ezagutu behar diren 1.001 komiki». «Hil baino lehen ikusi behar diren 1.001 film».
Besterik ere egongo da. Denak aski gorrotagarriak.
Eta ez horrenbeste zikindu dugun hitza azalera ekartzeagatik. Izan ere, heriotzaz ez hitz egiteko hartu dugun gizarte-erabakia ergela da eta zorigaiztokoa. Gogoan daukat gure amuma oso gaixo zegoenean bere lurperatzeari buruzko erabakiak kontatu nahi zizkiola izebari, eta izebak entzun nahi ez, emakume gaixoaren azken borondatea. Ia 90 urteko atsoa umea bailitzan.
Ez dut ezer «hil» hitzaren kontra, baina «behar» hori ezin daiteke kendu? Hil baino lehen irakurri beharreko liburu horiek zertarako irakurri «behar» dira? Beharrak eta aginduak, aizu, ditugunak aski ez eta beste 1.001 eros ditzakezu edozein liburudendatan. Kulturaren plazera bera ere etxeko lan bihur daiteke horrela eta kaleko edozein elkarrizketatan agertzen den Kulturaren Polizia-Gizon edo -Emakume batek Irakurle Onaren edo Intelektual Zuzenaren karneta eskatzen dizunean zure 1.001 erantzunak izango dituzu. Ez duzu gehiago entzun beharko «nola ez duzula batek-daki-zer irakurri? Irakurri `behar' duzu!».
«Gustatuko zaizu» edo «gozatuko duzu» edo antzekoen ordez «behar duzu» erakargarriagoa dela uste dugu?