Cameronen aurrera begirako programak Lorden Ganbera aldatzea aurreikusten du
Britainia Handiko Gobernuaren datorren urte politikoko programa arlo ekonomikoan oinarritu da, murrizketa neurriak hartuta. Horrez gain, Lorden Ganberaren aldaketa eta Interneten kontrola bultzatzen ditu.GARA | LONDRES
Britainia Handiko Gobernuak datorren bilkura-aldian izango dituen lehentasunak aurkeztu zituen atzo Isabel II.ak Westminster jauregian.
Usadioari jarraituz, erreginak Komunen eta Lorden ganberen aurrean aurkeztu zituen liberal-demokraten eta kontserbadoreen artean osatutako Gobernuak prestatutako hamalau lege proiektuak eta lau zirriborroak.
Lege proiektu bakoitza azaltzen hasi aurretik, Gobernuaren lehentasunak defizita murriztea eta ekonomia egonkortzea zirela argitu zuen erreginak.
Planteamendu horrekin, David Cameronek herritarren babesa berreskuratu nahi du, maiatzaren 3ko udal hauteskundeetan laboristek aurre hartzean, berak zuzentzen duen koalizio gobernuko bi alderdiek jasotako zartadaren ondoren.
Aurreko beste gobernuekin alderatuz gero, Cameronen programa laburra da, eta aurrekontu defizita murriztean oinarrituta dago -martxoan BPGaren %6,4ra iritsi zen-.
Horrez gain, Lorden Ganberaren erreforma, banku-sistemako eta estatuko pentsio-sistemako aldaketak, difamazioen kontrako proiektu bat eta euroguneko erreskateekin zerikusia izan dezaketen betebeharretatik kanpo uztea planteatzen da.
Lorden Ganberari dagokionean, helburutzat ditu kide kopurua gutxitzea -egun 800 kidek osatzen dute- eta %80a sistema proportzionalaren bidez hautatzea -orain arte kideak erreginak berak hautatu izan ditu lehen ministroaren aholkuari jarraituz edota herentzia aristokratikoa aintzat hartuta-. Liberal-demokratek koalizioa osatzerakoan Lorden Ganberako kide guztiak hauteskunde bitartez aukeratzeko eskatu zuten. Proposamena, beraz, koalizioa baturik mantentzeko egindakoa dela esan daiteke.
Programan, bankuei dagokien atal bat ere badago. Bertan, inbertsioen bitartez egiten duten negozioa eta alderdi komertziala banatzera behartzen ditu bankuak, mugimendu arriskutsuen ondorioz galerak izanez gero, bezeroen gordailuak babesteko.
Lege horrekin, errazagoa litzateke zailtasunak dituzten bankuak ixtea, eta bankuen erreskaterako diru publikoa erabili behar ez izatea.
Gobernuaren helburuetako bat Inbertsioetarako Banku Berdea sortzea da, ingurumenarekin jarrera arduratsua duten proiektuak bultzatzeko.
Horrez gain, polemika handia sortu duen atal bat ere gehitu du koalizioak, Interneten eta sare sozialen kontrola. Lege hori «ekintza terroristei» aurre egiteko aitzakiapean aurkeztu zuten.
Legea onartuz gero, zerbitzu sekretuek aukera izango dute herritarrek Internet bidez elkarri bidalitako mezuak irakurtzeko. Eskubide zibilen aldeko erakundeen haserrea eragin du.
Bestalde, 2028rako erretiro adina atzeratzeko asmoa ere agertu zuen Gobernuak: 65 urteetatik 67 urteetara.
Asteartean, lehen ministroak eta Nick Clegg lehen ministroordeak murrizketen aldeko jarrera agertu zuten, krisiari aurre egiteko bide egokiena dela esanez, Chelmsfordeko fabrika batean emandako mitinean.
Ekintza hori eta atzoko proiektuen aurkezpena murrizketen bidea sendo defendatzen dutela argi uzteko ez ezik, euren koalizioa indartzeko ere erabili zituzten, haustura gertatzeko zorian dagoela dirudien une honetan.
Lorden Ganberako ordezkarien %80 bozen bidez hautatzeko erabakia koalizioko bi aldeak asetzeko hartu dute; liberaldemokratek %100a demokratikoki hautatu nahi dute, baina kontserbadore asko aurka daude.