Ixabel Etxeberria Irakaslea
Galdera bakarra
Guk, abertzaleok behintzat, galdera nagusi bat eginen diogu: «Zer egin duzu Jonekin?». Frantsesek giza eskubideen herria direla barneratu baitute, ahantzi nahi dute estatu sekretuak dituztela, ahantzi nahi dute arerio politikoak desagerrarazi dituztela
Duela 31 urte, sozialista batek Presidentetza hauteskundeak irabazi zituen Frantzian. Denbora berean preso irlandarrak gose greban zeuden, frantses irratietan greba egunen kontaketa egiten zuten, heriotza bakoitzaren berri ematen joan ziren. Asko hil ziren; haatik, horren berri eman zuten, mundua jakinaren gainean jarri zuten, Thatcherren politika egoskorra agerian gelditu zen. Presoek, eskubideak defenditzeagatik, ordaindu zuten prezio ikaragarria izan zen.
Urteak joan dira, beste ezkerreko presidente bat hautatu dute Pariserako. Une berean, preso palestinarrak gose greban dira, Israelgo Gobernuaren presoak dira. Laster berri latzak etorriko zaizkigu; alta, greba honi ez zaio oihartzunik ematen. Bi mila preso greban! Krisiaz etengabe ari dira, Europa aipatuz, Israelek Europarekin harreman hurbilak ditu eta arlo ekonomikoan gure merkatuan sartzeko ahalmen bereziak onartuak zaizkio. Nola ulertu Europak ez diola Israelgo Gobernuari presoekiko berehalako negoziazioa eskatzen? Hilak kontatzen hasi beharko ote dugu, berriz ere? Hala bada, espero dezagun ezetz, nahiz eta gordetzen saiatu, errebotea oso gogorra gerta dakioke Europari.
Ipar Euskal Herriak Hollanden hautua egin du. Hizkuntza gutxituen karta izenpetuko zuela erran zuen, lege geriza behar dela gogoraraziko diogu gisa guztiz, eta etortzen bada, kolektibitatearen aurkezpena egina izanen zaio hautetsien eskutik. Mitterrand departamenduaren alde agertu zen; ez zuen agindua bete. Hollandek ez du deus agindu, ez duke deus emateko, baina Grenet diputatua departamendua defendatzen entzuteko plazera baduke. Hau baita azken hilabeteetako sorpresa! Sarkozyren politikaz urruntzen saiatzen dira denak, eta Grenet partikularki. Lehenik departamenduaren alde zela jakin dugu, ez duelarik inork gehiago gaia aipatzen; bestalde, Hadroi legea ez zuela bozkatu erran ondotik kazetariek frogatu dute gezurra zela. Urduri dago Baionako auzapez diputatua! Parisen duen aulkiaren galtzeko bidea ireki zaio Hollanden garaipenarekin. Lassallek ere nahiko lan aldi honetan!
Seigarren barrutiko dopatuaren aldatzea zailagoa izanen da. Allioli Mariek eragin handia du oraindik eskualdean. Azken asteetan AHTren kontra agertu da berriz; gaiak garrantzia handia du, herritar asko, hautetsiak kontra agertu dira eta bere sostenguak nolabaiteko lasaitasuna sortu zuen. Jarrerak irudi ona ematen dio, bereziki kontuan hartuz Akitaniako lehendakaria, Mousse jauna, AHTren alde dela eta ekonomiaren berbultzatzeko xantier handiak goraipatzen direla. Haatik, uhain arrosaren mugimendua sentitu behar luke, baliteke lehen itzulian ez pasatzea.
Guk, abertzaleok behintzat, galdera nagusi bat eginen diogu: «Zer egin duzu Jonekin?». Frantsesek giza eskubideen herria direla barneratu baitute, ahantzi nahi dute estatu sekretuak dituztela, ahantzi nahi dute arerio politikoak desagerrarazi dituztela... Ondorioz, frantses alderdi politikoek ez dute Jon aipatuko. Guk kasua argitu arte Alliot Marie andreari ez diogu besterik galdetuko, dena gertatu baitzen bera Barne eta Justizia ministroa zelarik.