Surflari Ernegatua
Entzun nahi didanari
Izango da aurten surf egiten hasi nahi duenik. Beraz, entzun nahi didanari zenbait aholku ematera noa, nahiz eta orain artean bezala, inork kasurik egingo ez didala aurrez badakidan. Itsasoa arerio moduan begiratzeari utzi, eta harekin gozatzen ikasi behar da. Itsasoaz gozatzeko mila modu daude eta surfa horietako bat baino ez da. Baina ez pentsa, hobeto ibiltzen direnek hobeto gozatzen dakitenik.
Uda gero eta gertuago dugu. Hasi dira eguraldi onak. Eguzkiak hondartzarako bidea seinalatzen digu eta egunak luzeagoak dira. Testuinguru honetan izango da aurten surf egiten hasteko erabakia hartu duenik. Beraz, entzun nahi didanari zenbait aholku ematera noa, nahiz eta orain artean bezala, inork kasurik egingo ez didala aurrez badakidan.
Lehen aholkua hau da; taula batekin olatuak hartzen hasi baino lehenago, olatuak taula gabe hartzen ikastea. Aparra edo bitsa hartzeko gai izan. Olatuaren magalean besoak luzatu eta aldeetara joaten ikasi. Olatua irakurtzen ikasi.
Bigarren aholkua; hasi aurretik ezer ez erostea. Berez, surf egiteko nahikoa da taula eta negurako neoprenoa. Hortik aurrerakoak kapritxoak dira. Lehen egunetan lagunen taulekin ibili, eta gero erabaki zer egin.
Egun, ia edozein surflarik ditu taula bat baino gehiago, baina berez, surf egiten urte gutxi daramatzan batentzat nahikoa da taula bakarra. Handia, lodia eta zabala.
Surf egiten urteak daramatzan norbaiten kasuan berriz, bi taula nahikoak dira. Bata, olatu txikietarako eta bestea, olatu indartsuetarako. Norbaitek hiru metrotik gorako olatu handiak hartu nahi baditu, hirugarren taula bat beharko du, baina kito! Berez, ez da gehiago behar.
Hor itzalean, bada ikusten ez den bigarren eskuko merkatu erraldoi bat, krisi garaietan ere, nahiz eta berau ongi antolatu, arrakastarik izango ez lukeena.
Behin, Zarauzko Surf Eskolan bigarren eskuko surf materialen merkatutxo bat egin genuen. Ur jantzi batzuk dohain eskaini genituen, baina alferrik zen, gurasoek ez zuten eguzkiak urratutako ur jantzirik nahi. Azkenean, emakume argentinar bat gerturatu, eta hark eraman zituen dozena erdi ur jantzi.
Handik egun gutxira haurrak neopreno haiekin moilan jolasten ikusi nituen, etorkinen seme-alabak ziren. Ordura arte bertako haurrengandik bereizten zituen marka edo zeinua ezabatzea lortu zuten, kolorebako ur jantziak bazituzten ere, jada neoprenoak baitzituzten. Sekulako poza eman zidan haur haiek hain gustura ikusteak. Nahiz eta limosna ematen duenak izaten duen «ongi eginaren» sentimendu miserable bera izan.
Baina benetan aholku bat eman beharko banizue, nahiz eta ulertu ez, nahiz eta egungo egitura sozial eta heziketaren kontrakoa izan, beste mota bateko mundu ikuskera batekin jokatzeko esango nizueke. Egungo eredua ez baita egokia, ez ikasteko, ezta ongi pasatzeko ere.
Natura menderatu beharraren gaineko ikasgai errotu hori ahantzi. Itsasoa arerio moduan begiratzeari utzi, eta harekin gozatzen ikasi behar da. Horretarako, surfa bitarteko bat da, modalitate bat da, baina ez da bakarra, itsasoaz gozatzeko mila modu daude. Soilik horrela, ikuspegi horrekin, gozatu ahal izango duzue itsasoan eta itsasoaz. Ez pentsa, olatu gainean ondo ibiltzen direnek, sekulako ariketak egiten dakitenek, gehiago gozatzen dutenik, gehiago gozatzen dakitenik.