Surf taula erraldoiak: Europako hondartzetarako bidea Euskal Herritik abiatu dute
Olatuak kuadrillan hartzeko taula erraldoiak joan den asteburuan estreinatu dira Europan lehen aldiz. Hawaiitik ekarritako taula horiek Gipuzkoako olatuak ezagutu dituzte, Garbibai ekimenaren antolatzaileei esker. Orain Kontinente zaharreko hondartzetara bidean dira.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Donostian bada taulan zutik eta arraun baten laguntzaz ibiltzen den lagun talde bat. Modalitate hau SUP (Stand Up Padlle) izenez da ezaguna munduan zehar, baina gurean gondolan ibiltzearekin parekatzen da, hortik dator Donostiako lagun talde honek sortutako elkartearen izena: Gondolin Club.
Elkarte honetako kide Marcelo Diaz iaz Hawaiin izan zen eta Buffalo Keaulana zein surfaren historian oso ezagunak diren beste zenbait mito bizi ezagutzeko aukera izan zuen.
Marcelo Uruguaikoa da, baina Euskal Herriko kostaldea oso ongi ezagutzen du, urte asko baitaramatza bertan bizitzen. Joan den asteburuan ekimen anitz antolatzen aritu da eta, tartean, taula erraldoiak batetik bestera eraman behar izan ditu.
Buffalo Keaulana
«Buffalo, itsasoa da», dio Marcelok. «Hark olatu bat hartzen duenean, inork ez du betazal bat ere mugitzen inguruan, denak hari begira geratzen dira. Hawaiin, izugarrizko errespetua dio mundu guztiak».
Buffalo Keaulanak urtero ospe handiko txapelketa bat antolatu ohi du Makahan, Hawaiiko Oahu irlan, Buffalo's Big Board Surfing Classic, eta bertan mundu osoko jendea bildu ohi da lehiaketa oso bitxi batean parte hartzeko.
Buffalok berak antzinako surflariek egiten zituzten ariketak antzeztuz zenbait posizio asmatu zituen. Hala nola, eserita, etzanda, eskuak gurutzatuta, labezomorro baten moduan hankaz gora eta antzeko ariketak egin eta izena jarri zien. Txapelketan parte hartu behar duen pertsona orok, edozein modalitatetan parte hartzen duelarik, aipatutako ariketok egin behar ditu.
Txapelketa, taldeka egiten da eta denera 14 modalitate daude. Beraz, talde bakoitzak modalitate guztietan parte hartu eta Buffaloren ariketak egin behar ditu, baita taldean daudenean ere.
Modalitateetako bat esaterako, 120 kilotik gorako surflariei zuzendua da; beraz, taldea osatzeko orduan baldintza zehatzak bete behar dituen jendea behar da eta ez da hain erraza talde bat osatzea.
Helburua, itsasoaz gozatzea da, eta horretarako tresna desberdinak erabili ohi dituzte. Ez dituzte ohiko surf taulak bakarrik erabiltzen, olatu gainean taldean zein bakarka jostatzeko aukeratutako gailu desberdinez baliatzen dira. Tresneria berria ere erabiltzea proposa daiteke eta hori, antolatzaileek ontzat ematen badute, modalitate berri bilakatzen da.
Gainera, txapelketa honek duen ospea dela-eta, modalitate berriren bat sortzen denean, tresneria berriak sekulako gorakada izaten du. Horregatik, antolatzaileek irizpide finkoak dituzte eta ez dute edozein proposamen ontzat ematen.
Gondolarekin, esaterako, horixe bera gertatu zen. Buffalo Classic txapelketan ontzat eman zuten urtean sekulako gorakada izan zuen. Aurrez inork gutxik egiten zuen modalitateak egun batetik bestera sekulako arrakasta izan eta mundu osora zabaldu zen.
Taila erraldoia
Aurtengo Buffalo Classic txapelketan izan den berrikuntza taula erraldoia izan da. Iaz egin zuten lehen proba; 35 pertsonak, taula bakar batean, olatu bat hartzea lortu zuten. Halere, soilik jostatzeko egin zuten proba; oraindik ez zen modalitate bat. Beraz, modalitate bilakatuta, arrakasta handia izan dezakeela iragar daiteke.
Gauzak honela, Marcelo Diaz, Garbibai izeneko ekimena antolatzen ari zena, Hawaiiko lagunekin harremanetan jarri zen Donostiako ekimena babestuko al zuten galdetzeko.
Marcelok gauzak zein azkar gertatu ziren kontatzen digu: «Nik banuen taula horien berri eta, gure ekimenarekin bat eginez gero, ekarpen zoragarria izan zitekeela pentsatu nuen; beraz, taulak ekartzen saiatu nintzen, baina esperantza handirik gabe, egia esan».
Alabaina, ezustean, Garbibai ekimena babesteko bi taula igorriko zituztela jakinarazi zioten Marcelori. «Segituan lagunekin eta Zarauzko Surf Eskolako kideekin harremanetan jarri eta taula erraldoiak probatzeko aukera genuela esan nien. Ostiralean Kontxako badian elkartu ginen lagun talde bat. Larunbat goizerako berriz, Zarauzko moilan egin genuen deialdia».
Batean zein bestean, arraunekin eta talde giroan, Europan berria den itsas tresna batekin gozatu ahal izan zuten bildu ziren lagunek, eta sekulako giroa izan zuten.
Marcelo gehienbat gondolan aritzen da, baina lagun duen Buffaloren filosofiarekin bat egiten du; alegia, itsasoan gozatzeko modu asko dagoen ideiarekin bat egiten du eta Buffaloren semearen hitzak gogoratzen ditu: «Brian Keaulanak honakoa esan ohi du; `ez zaitzatela inongo izendapenekin etiketatu, surflari, gondolero edo dena delako... izan zaitez itsasgizona'».
Taula erraldoiak puztu egiten dira; beraz, behin puztuta ikaragarri handiak dira, baina bestela, haizerik gabe daudenean, ez dute leku asko kentzen. Horrez gain, hain handiak ez diren beste zenbait gondola puzgarri eta egurrezko alaia edo surf taulak ere probatu ahal izan zituzten Zarautzen larunbat goizean bildu zirenek.
Atzo, berriz, Donostiako ibaia garbitu eta bide batez gondolekin lehiatzeko antolatu zuten Garbibai ekimenean izan ziren bi taula erraldoiak.
Orain, Europarako bidea hartuko dute. Beste hondartza eta ekimen anitzetan aurkeztuko dituzte. Eta egunen batean, arrakasta eskuratzen badute, horiek Europan lehen aldiz Donostian estreinatu zituztela esan ahal izango dugu.