Senperen elkartuz, euskara zabaldu
Senpereko aintzira bestaz jauntzi zen atzo, Herri Urratsen aurtengo edizioa hartzeko. Eta urtero bezala, milaka euskaltzalek bat egin zuten besta eta aldarriarekin «Elkartuz zabaldu» lelopean, epe motzeko helburu bat zutela: atzo bilduriko diruarekin Kanboko Xalbador kolegioa berritzea eta frantziar Ministerioaren murrizketei aurre egitea; eta luzeago joko duen beste bat: haur guztiek euskaraz ikasteko eskubidea bermatua izatea. Azken honek, ezbairik gabe, baitezpadakoak ukanen ditu ikastolen jaialdiaren edizio gehiago eta eguneroko lanari loturik jarraitzea. Baiki, jai horren atzean bazen eguneroko lan handia, gaurtik aitzina segitu beharko duena. Lan etengabe eta isila, euskaltzale guztien esker ona merezi duena, eta Herri Urrats gune egokia da hainbat lagunek euskararen alde eginiko lan militantearen omentzeko.
Ipar Euskal Herriko ikastolen jaialdiaren leloak euskara zabaltzeko euskaltzaleek elkartu beharra dutela adierazten du. Euskara ez baita berez zabalduko, are gutxiago legedia hartarako traba delarik. Horregatik, atzo Senperen irudikatu zuten gisan, euskaltzaleek behar dute elkartu eta zabaldu. Eta atzoko edizioa, halaber, beste zenbait herrirekin zubiak eraikitzeko baliatu zuten, beren hizkuntza mehatxupean duten Okzitania eta Kataluniarekin, hain zuzen. François Hollandek, Estatu fransteseko azken hauteskundeak irabazi berri dituenak, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetuko zuela erran zuen. Alta, ez da lehenengo presidentegai frantsesa halako promesa egin duena, eta orain artean promes bera egin dutenek hitza jan dute. Hortaz, euskaldunen eskubideen bermea ez dira politikari frantsesak, nahiz eta hala beharko luketen, dioten gisan beren asmoa demokrazia eta denen eskubideak errespetaraztea balitz. Ez, euskaldunen eskubideen berme nagusia euskaldunak berak dira, eta euskarari dagokion estatusa lortzea euskaltzaleen, euskaldunen lanak erdietsiko du.
Ez da pribilegioa, bidezko eskakizuna baizik. Zeinahi errepublikatako edo monarkiatako herritarrek, munduko edozein lagunek merezi duten oinarrizko eskubidea baita beren hizkuntza bere lurrean ofiziala izatea.