Aizkora Urrezko lehiaketa
Floren Nazabal izan da finalera iristen lehena
Minutu pasako aldea kendu zion Donato Larretxeari, lehen finalerdian.
Jon LEUNDA
Floren Nazabal da Urrezko Aizkorako Txapelketako finalera heldu den lehen aizkolaria, herenegun Donato Larretxea mendean hartu ostean. Etxarrikoak minutu pasako tartea atera zion Arantzakoari.
45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu jokatu zuten lehen saioa, eta hor ez zen alde handirik egon. 34an erdibitu zuen Nazabalek, eta bi gehiago behar izan zituen Larretxeak. Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erloju kontrakoan moztea izan zen. 44 segundoan amaitu zuen lana Florenek, eta beste bi segundoko tartea atera zion Donatori.
Hirugarren lana kana-erdiko enborra zutik jarrita moztea izan zen, eta hori Larretxeak irabazi zuen. Bere egitekoa minutu eta 41 segundoan amaitu zuen, eta segundo bat murriztu zuen aurka zuen tartea. Laugarren lana, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu izan zen. 1.46 izan zen Floren Nazabalen denbora eta hamabi segundo kendu zizkion Donato Larretxeari.
Azken-aurreko lanean, bakoitzak kana-erdiko enborra zutik jarrita eta 45 ontzakoa etzanda jarrita erdibitu behar izan zituzten, eta berriro ere Nazabal izan zen garaile. 2.07 izan zen bere denbora eta 2.42, Larretxearena.
Amaitzeko, iraupen proba egin behar izan zuten, eta hor bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. 10.15 izan zen Nazabalen denbora eta 10.46, berriz, Larretxearena. Lan guztiak burutzeko, 17 minutu eta 7 segundo behar izan zituen Etxarrikoak, eta 18 minutu eta 28 segundo, berriz, Donato Larretxeak. Floren Nazabal ez zen iaz Urrezko Aizkoran aritu, baina aurtengoan itzuli, eta berriro ere txapelaren lehian arituko da Azpeitian.
Final-laurdenak
Atzo Asteasun, berriz, final-laurdenetako azkeneko jardunaldia jokatu zen, eta finalerdiak jokatzeko lehian zeuden azkeneko bi txartelak lortu zituzten Atutxa II.ak eta Unai Otañok.
Jokatu beharreko probak egin ostean, Aitzol Atutxak lortu zuen garaipena, egin beharreko lan guztiak 16 minutu eta 3 segundoan burutu ostean. Bigarren postuan, berriz, Unai Otaño sailkatu zen, eta Ibarrakoak bere egitekoak amaitzeko 44 segundo gehiago behar izan zituen. Joxemari Olasagastik, berriz, 18 minutu eta 38 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko. Honekin, jokatzeko falta diren bi finalerdiak erabakita daude; maiatzaren 27an jokatuko dira biak Lagranen, Araban. Alde batetik, Aitzol Atutxa Iñaki Azurmendirekin neurtuko da, eta bestetik, berriz, Mugertza II.a eta Unai Otaño neurtuko dira.
Aurten, lehen aldiz finala hiru partaiderekin jokatuko da, eta Floren Nazabal jadanik sailkatuta dago. Beste biak, hemendik bi astera ezagutuko dira. Egur Sport enpresaren asmoa, jokatzen ari diren hiru lehiaketetako finalak batera jokatzea da. Iaz ez zen posible izan, Aitzol Atutxak 23 urtez azpikoena eta final nagusia jokatzeko txartelak lortu zituelako. 19 urtez azpikoetan finalaren aurretik jokatzeko falta den saioa datorren asteburuan jokatuko da Urrotzen, eta han izango dira Eneko Saralegi, Kortxero, Larrea III.a eta Etxeberria II.a, nor baino nor.
23 urtez azpikoen txapelketa asteburuan jarri da abian, eta final-laurdenetako saioetan ez da izan inongo ezusterik. Juanillo Rodriguez izan zen herenegungo kanporaketako onena, bere lanak 9 minutu eta 58 segundoan amaituta. Bigarren, Eneko Saralegi sailkatu zen, eta leitzarraren denbora 11.38 izan zen. Lehen kanporaketan bi hauek sailkatu ziren, eta kanpoan Irazabal geratu zen. Atzo, Asteasun beste kanporaketa bat jokatu zen hiru partaiderekin, eta garaipena Larrañagak lortu zuen. 9.04 izan zen bere denbora eta 9.32, Mugertza III.arena. Bi hauek sailkatu dira finalerdietara, eta Alkizalete II.a, berriz, kanpoan geratu zen. J.L.