GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | HERRI URRATS

Seaskak duen beharraren neurriko erantzuna eman zuen euskal gizarteak

Eguraldia lagun, Herri Urratsek egun historikoa izan zuen atzo. Senpereko aintzira jendez bete zen, ikastolek Ipar Euskal Herrian duten behar handiari erantzuteko. Beste berri on bat ere ekarri zuen egunak, baxoa azterketa euskaraz egin ahal izateko urrats berri bat egin baita.

p002_f05.jpg

Idoia ERASO

Joan den urtean Ipar Euskal Herriko ikastolek duten hazkundeari erantzuteko kanpaina berezia egin zen, eta gizarteak bikain erantzun zuen. Beharrak beti hor dira, eta proiektu berriekin handitu ere egin direnez, gizarteak beste behin ere bere sostengua eskaini zien ikastolei. Atzoko egunaren arrakasta azaltzeko hitz hauek erabili zituen Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak: «Iaz oso ona izan zen, eta aurten berdintsua edo hobea izan da».

Aurreikusitako kopuruak motz geratu ziren. Talo eta sagardo botila guztiak saldu ziren. Ordu bietarako, paella eta whiskia ere bukatu ziren; besta plateraren inguruan edo basoa eskuan egiten duten guztiek erantzun zioten ikastolen deialdiari.

Giroa atsegina eta salmentak onak izan baziren ere, errebindikazioari txokoa ere utzi zion Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko zuzendariak: «Seaska hazkundean da eta arriskuak hartu ditu, eta herriak bat egin du proiektuarekin. Herriak bere sostengua erakutsi digu eta orain erakundeei dagokie segitzea».

Borroka eremu ezberdinetan eramaten dute ikastolek, eta horietako bat euskarazko hezkuntzaren ezagupen instituzionala da. Norabide horretan berri on bat eman zuten aditzera. Bigarren hezkuntzaren ondoren pasa beharreko azterketa ofizialean, baxoan, ikasgai berri bat euskaraz egiten ahalko dute Seaskako ikasleek. Orain arte historia eta geografia besterik ez ziren, baina aurten matematika ere egingo dute gazte euskaldunek. Urte osoko borrokak beste emaitza on bat utzi zuen atzo.

«Flashmoba»

Ohi bezala, adin eta gustu guztientzako bazegoen. Aurten antolatzaileek programazioarekin asmatu egin dutela argi ikusi zen. Gaztetxoenen gunea txiki utzi zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek; Anje Duhaldek belaunaldi guztiak elkartu zituen; eta Su ta Garrek kontzertua hasi baino lehenago Nafarroa gunea jendez bete zuen. Zenbait adibide jartzearren.

Euskal pailazoek haurrak lorietan uzten dituen ohiko ikusgarriaz gain, zerbait berezia prestatua zuten. Egun teknologiek eskaintzen dituzten baliabideak profitatuz, beraien kanta eta dantzak Internetera zabaltzeko emanaldia eskaini zuten, flashmob baten bidez. «Eskuetan» kantuaren koreografia Herri Urratseko haurren txokora hurbildu ziren ehunka haurrekin dantzatu zuten pailazoek.

Ezohiko gonbidatuak ere izan zituzten pailazoek. Lehen aldiz Zuberoako maskarada Herri Urratsera hurbildu zen atzo. Ohitura berrituz Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohien Elkarteak egin du aurtengo maskarada, eta beraien historia omenduz tradizio zuberotarra Senperera ekarri zuten. Ohiturari ez zioten zorrotz eutsi, ostera, maskarada bestarako eta hainbat neurrigabekeriatarako parada ere badela-eta, gehiegikeriaren bat egina zuten maskaradako kide batzuk izan ziren pailazo ezagunekin, flashmob hori taula gainean lantzen.

«Eusko» moneta

«Eusko» izango da euskal moneta alternatiboa. Euskal moneta ekologiko eta solidarioa bultzatu duen elkarteak atzo ezagutarazi zuen herri bozketan zein izenek lortu zuen boz gehien. Hautagai ziren zazpi izenen artean gustukoena hautatzeko azken eguna izan zuten Herri Urratsen.

Mila pertsona baino gehiago hurbildu ziren atzo elkarteak sarreran zuen karpara boza ematera. Orotara, 1.886 pertsonak eman dute iritzia monetaren izenaren inguruan, eta horietatik 1.127k Senpereko aintziraren inguruan egin zuten. «Eusko» izan da irabazlea, 471 bozekin. Elkarteko kide Txetx Etcheverryk horrela adierazi zuen: «Euskok irabazi du bai Herri Urratsen bai Internet bidez».

«Jende anitz hurbildu da gugana moneta sortzeko eramaten ari garen lana ezagutzen dutela esatera eta Internet bidez bozkatu dutela esatera. Bestalde, egunean zehar etengabe jendea bozkatzen izan dugu eta hizketaldi interesgarriak ere izan ditugu», gaineratu zuen Txetx Etcheverryk.

Elkarte eta proiektu ezberdin askoren presentzia nabaria zen. Beren txokoa egina duten Maiatz, Elkar eta Hatsaren Poesiarekin batera, beste kultur egitasmo berriek ere profitatu zuten euskaltzaleengana hurbiltzeko parada, «Ainara» filmaren ordezkariek, esaterako. Ikus-entzunezkoa garatzen ari den taldea han zen jendearen sostengua biltzeko. Filmaren egitasmoarekin bat egiten duen orori sinadura emateko eskatzen zioten. «Proiektu parte hartzaile bat, mugaz gaindiko film europar batentzat, ozeanoetatik haratago».

Herri Urratsen bildutako diru guztia Kanboko Xalbador kolegioko berriztapen lanak egiteko baliatuko dute. 5 milioi euro baino gehiago beharko dituen lanen erdia besterik ez dute erakundeek ziurtatuko. Halaber, Biarritzen lizeo bat egiteko proiektua ere badu Seaskak. Egoera horren aurrean federazioko presidente Paxkal Indok azkarki aldarrikatu zuen: «Herri Urrats arras ongi joan da, eta gizarteari eskertu nahi diogu, baina orain kontua da urtean zenbat Herri Urrats egin beharko ditugun gure egoerari aurre egiteko».

milaka eta pilaka

Su Ta Gar eta Obrint Pas taldeek milaka rockzale elkartu zituzten Nafarroa gunean. Arabakoan, haur zein helduek Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin irri egin zuten. Zuberoan, Athleticen futbolzaleekin bat egin zuten zuberotar kantuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo