GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gaizka Aranguren | Iruñea

Herren utzi gaituzu, Eñaut

Duela 30 urte, Joseba Davantek, zure seme Xabik eta hirurok afixa handia zintzilikatu genuen Donapauleko azokaren atarian. Bestak ziren. Uztaila. Ez dut gogoan zer zioen afixak, baina «Bestak bai, borroka ere bai» edo horrelako zerbait izanen zen.

Horren ondotik sartu nintzen lehen aldikotz zuen etxean, Xantreteian. Ordurako ikasia nuen Carreroren heriotza ospatzeko modurik lirikoena, Izuran horrenbertze bazkalondoko kantaldi familiarretan errepikatuko zena.

Ezin dut burutik kendu ere Xantreteiako etxeko andrea hil zenekoa. Xabi eta Heleneren ama, zure emaztea, hain gazterik... Gero, urteak joan eta urteak jin, guttiagotan ikusi izan dugu elkar.

Iaz bai. Zuen gonbidapenak Pazifiko aldeko uharte ezagun bateko ministro ohi bat ezagutzeko aukera eman zidan. Eta politikaz aritu ginen, harekin eta gure artean, eta kantari eman genuen, berriro, arratsaldea; eta etxe ondoko intxaurrondotik erortzen hasiak ziren intxaurrak lapurtu nizkizuen, Iruñera ekartzeko. Harrituta nengoen, udazkena iritsi gabe intxaurrak helduta baitzeuden. Horretaz aritu ginen gure arteko azken solasaldian, Eñaut, Baxenafarroako intxaurrei buruz.

Etxamendirekin batera Erronkariri eta Otsagabiari kantatzen zeniotenean malkoak isurrarazten zenizkidatela erran nizun behin. Orain, berriro lortu duzu. Izan ere, zuk utzi duzu gaur herren Euskal Herria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo