Nekane Garmendia, Antxon Gomez, Francisco Javier Belarra Ezkerretik Bilduz-eko eledunak
Aldebakartasunari eutsiz, eraldaketa soziala eta politikoa
Estatuek prestatu dituzten iruzur hipokrita guztien aitzinean batzea erabaki dugu, aldebakarreko prozesuak huts egin ez dezan eta gutxiengo demokratikoak lortzeko bidean atzerapausorik eman ez dadin
Askotan keinu bakar batek bilakaera historikoaren norabidea eta aldaketaren abiadura eraldatzen ditu. Urte asko pasa direla ematen badu ere, duela urte gutxi eman zen Euskal Herrian keinu horietako bat, Anoetan alegia.
ETA erakundeak «Anoetako Proposamena» izenaz ezagutzen den testuarekin bat egin zuen unetik, egungo egoerara eraman gaituen korapiloa askatzeko ekarpena egin zuen. Bertan, gatazkaren konponbiderako gaitegi politikoa, teknikoa eta errepresaliatuei dagozkien auzien gestioaren erantzukizunak ongi aski definitzen ziren. Anoetan eman zen gatazkaren «betiereko berdinketaren» gurpilari irteera eman ahal izateko lehenengo urratsa. Loiolako saiakerak, Gernikako Akordioak, aldebakarreko su-etenak eta ETAk behin-betiko armak utzi izanak propo- samen hori dute iturburu.
Alabaina, aldebakartasuna ezin daiteke borroka armatuari begirakoa soilik izan; izan ere, prozesu honek euskal herritarren borondatea oinarritzat harturik estatuen mugak apurtzea du xede. Bestalde, bistan da aldebakartasuna ezin dela betierekoa izan eta Espainiako nahiz Frantziako gobernuek ETArekin mahaian eseri beharko dutela.
Gaurdaino gauzatu diren negoziaketa politiko ororen paralisiak orain arte aurreikusi gabeko gizarte-sektore batek parte-hartzeko beharra eragiten du: masa kritiko nahikoak. Jarrera defentsibotik ofentsibora pasa behar duen gizarte-masa kritikoaren beharra bistaratu da; hau da, ofentsiban jokatuz errepresioa gelditzeko fasetik herria eraikitzeko fasera pasatzeko jauziaren premia. Masa kritiko horren artikulazioa da Ezkerretik Bilduz ekimenaren helburu nagusia.
Halaber, prozesu honetan protagonismo nagusiena duen eragilearen inguruko eztabaidak biziki kezkatzen gaitu. Euskadi Ta Askatasunaren inguruan sortu den eztabaidak erakunde politiko honen hastapenera jotzera behartzen gaitu. ETAren sorrerak, duela 54 urte, Euskal Herriko espazio sozio-kultural eta politiko berria zehaztu zuen. Kontakizun nagusiaren aurka, nabarmendu behar dugu ETA ez zela armaturik jaio. ETAri buruzko kontakizun hori ez da zuzena, eta mito hori deuseztatu egin behar da. Egiari zor, borroka armatua nahitaezko tresnatzat ulertzeko eztabaida gogorra izan zen. Indarkeriaren erabileraren inguruko eztabaida handia izan zen, eta komenigarria zen ala ez erabakitzeko, faktore ugari kontuan hartu zituzten. Aukera bat nahiz bestea babesten zutenek nazioarteko esperientzietatik ikasitakoa aplikatu nahi zuten, euskal gizartearen errealitatea kontuan hartuz. Testuinguru horretan, borroka armatua Ezker Abertzalearen osagai aglutinatzailea izan da, baina, baita askapen prozesuaren barruan planteaturiko kontraesan askoren jatorria ere. Kontraesan nagusia da proiektu iraultzailearen baitan borroka armatua eta masa borroka bateratzea. Hau da, borroka fronte denak uztartu eta sinkronizatzea.
ETA, erakunde politiko gisa jaio zen frankismoaren testuinguru politiko latzean; gerora, frankismoaren eskubide ukazioari eta bortizkeriari aurre egiteko adar militarra sorrarazi zuten. Mende erdiren buruan, ziklo politiko berri bati hasiera eman nahi zaio, herritarren bermearekin ETAk jardun armatuari bukaera eman diolarik. Herriak erantzun positiboa eman du, eta orain, normalizazio politikoa ekar dezakeen egoera berri hau baliatu behar dugu.
Alde guztietako desmilitarizazioa ekarri beharko lukeen prozesu honetan, bakoitzak dagokiona egin behar du gaitegi politiko, tekniko eta errepresaliatuenean. Honen karian, ETAri dagokio, besteak beste, bere militante eta militante ohien egoeraren ingurukoak gestionatzea.
Ezkerretik Bilduz ekimenaren partaideok, ETAren jardunari buruz oso iritzi ezberdinak ditugu. Iraganak ez gaitu batu, etorkizunak elkartzen gaitu. Estatuek prestatu dituzten iruzur hipokrita guztien aitzinean batzea erabaki dugu, aldebakarreko prozesuak huts egin ez dezan eta gutxiengo demokratikoak lortzeko bidean atzerapausorik eman ez dadin.
Burgesiaren ordezkari diren indar erregionalistek eta unionistek (PP, PSOE, UPN, PNV, UMP, PSF), tresna dialektiko guztiak erabili ohi dituzte ezkerreko independentismoak langa bakoitza gainditzen duen bakoitzean. Dirudienez, langa dialektiko berria asmatu dute, hots, ETAren disoluzioa. Xantaia politiko berri hau, preso politikoen bahiketarekin batera, lerrokatze politiko berriak ekar lezakeen eraldaketa politikoa eta soziala oztopatzeko saiakera da.
Presoak espetxera eraman dituen jarduna kolektiboa eta politikoa izan da; epaiketak ere politikoak eta kolektiboak izan dira, sakabanaketa izan den bezalaxe, eta hortaz, irtenbidea ere kolektiboa eta politikoa izan behar da.
Erakunde «armatu ohia» talde politiko gisa deuseztatzeko eskaera, aitzakia bat baino gehiago ere bada, hots, oztopo ziniko berri bat da, iruzur berri bat da.