Bermeoko Arrain Azokak 1912ko galerna hondamendia gogoratuko du
Bermeoko XVIII. Arrain Azokak orain ehun urte gertatutako hondamendia gogora ekartzeaz gain, helburu kulturala ere badu, alegia arrantzan oinarritutako Bermeoko itsas-bizimodua erakustea. Horrez gain, herriko kontserba industria ere bultzatuko da. Gauza horiek guztiak lortzeko, bisitari ororentzat gaur eta igandea bitartean hamaika ekintza prestatuta daude.
Jon ADAN |
Gaur hasi eta igandean bukatuko da Bermeoko XVIII. Arrain Azoka. Aurtengo edizioak «Galerna 1912-2012» izenburua eramango du, eta protagonismo berezia emango dio Bermeon orain ehun urte gertatutako ezbeharrari. Hura, 1912. urteko abuztuaren 12an izan zen; atunetan zebiltzan 143 arrantzale euskaldun itsasoan desagertu ziren galernak harrapatuta, eta horietariko 116 bermeotarrak izan ziren.
Horrez gain, arrantza herriko bizitza ekonomikoaren ardatz nagusietariko bat dela aldarrikatuko du aurtengo edizioak. «Bermeok duen arrantzan oinarritutako bizimodua erakutsi nahi dugu; beraz arrantza sektorea indartzeaz gain, osagarri kulturala ere badu, herriak duen itsas kultura azaldu nahi baitugu», adierazi dio GARAri Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.
Bestalde, kontserba industriaren garrantzia nabarmendu nahi da aurtengo edizioan. Hartara, Arrain Azokan herriko kontserba-enpresek duten inplikazioa nabarmendu du alkateak, «enpresa hauei esker azoka sendoa izatea lortu dugu» adierazi du. Aurten, 25 erakustoki egongo dira eta enpresa zein erakunde ezberdinek beren produktuak eskainiko dituzte bisitariek dastatzeko eta arrantza mundua erakutsiko dute.
Gaur egun, Bermeon, arrantzaren munduan, alegia kontserba industrian eta arrantza jardueran bertan gutxi gorabehera 400 lagunek lan egiten dute. Horiek horrela, sektorea krisiaren ondorio latzak jasaten ari da, «kontserba enpresa guztientzat egoera oso zaila da, ahalegin handia egiten ari dira aurrera ateratzeko», adierazi zuen alkateak. «Bermeoko kontserba industria sendotu behar dugu eta enpresen arteko elkarlanaz eta erakundeen laguntzaz lortuko dugu», ziurtatu zuen.
Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak gaur goizeko hamaiketatik aurrera bisitatu ahal izango dira, baina hasiera ofiziala 12.30ean izango da. Ondoren, urtero egiten den moduan, Hegaluze saria emango da. Aurten Bermeoko Abesbatza eta Izaro Abesbatza izango dira XVI. Hegaluze saria jasoko dutenak. Hau urte askotan, bermeotarren parte hartzearekin, Bermeoko herriaren izena, euskal kantak eta kultura zabaldu dutenei ematen diete.
Era berean nabarmentzekoa da gaur, bihar eta igande goizean arrain-salmentaren simulazioa egingo dutela Kofradia Zaharrean; edota bihar eta igandean, Karpa jatetxean erakusketa izango dela, Bermeoko kontserba enpresen eskutik, bokartaren tratamendua eta ezaugarriak erakusteko. Bestalde, maiatzaren 16tik 20ra, arrantzaleen museoan, galerna eta arrantza munduaren inguruko hitzaldiak izango dira.
Itsasoko kultura zabaldu nahian, etxeko txikienei zuzendutako ekimenak ere makina bat izango dira. Hala nola, txiki-txokoa jolasak, eskulanak, ikuskizunak, dantzaldiak eta marrazki lehiaketa.
Gaur hasi eta igandean bukatuko den aurtengo edizioan, Izaro Abesbatzak eta Bermeokoak Hegaluze saria jasoko dute.